"Euskara gozamen iturri izatea nire obsesioetako bat izan da"
ETB1-eko ‘Tribuaren berbak’ saioaren zuzendari eta aurkezlea da gaur egun Kike Amonarriz (Tolosa, 1961). Euskal Filologian lizentziatutako soziolinguista, bere bizitza aspalditik dago telebistari, umoreari eta hizkuntzari kateatuta. Gai horiek izan ditugu hizpide euskarazko umorearen erreferente nagusienetako batekin
Ez handi baina ezta hain txiki ere. Desagertzeko zorian izatetik aurrera egiteko gai izan da euskara, Amonarrizen esanetan. Euskal komunitatea sendo da, eta Twitteren ere sumatu daiteke hori: “Katalana salbu, munduko hizkuntza gutxituen artean txio gehien pilatzen ditu euskarak”.
Hamaika saltsatan sartuta ikusi zaitugu beti, umoreari lotuta gehienetan. Nondik datorkizu umorearekiko zaletasuna?
Bizitzarekiko jarrera bat da. Beti esaten dudan moduan, prezio berean hobe umore onean txarrean baino. Umore onak bizitza aurrera eramaten laguntzen du eta osasuntsua ere bada, frogatuta dago. Ez diot umorea komikotasunetik ulertuta, aldarte positiboan egotearen ideiatik ulertuta baizik. Dena den, pertsona bat ez da berez umore edo aldarte on ala txarrekoa. Landu beharreko jarrera da.
‘Txiskola’, ‘Mihiluze’, ‘Tribuaren Berbak’? Euskara modu atseginean eta jolasean landu izan duzu beti.
Gozamen iturri izan dut euskaraz bizitzea, jolastea, haserretzea, maitemintzea, lan egitea? Izan ere, ikuspegi alaia, umoretsua, jostagarria eta dibertigarria askoz ere erakargarriagoa eta onuragarriagoa da. Eta bai, horixe izan da nire obsesioetako bat: hizkuntza gozamen eta poz iturri izatea, inguruan dituen erronka eta oztopoak ahaztu gabe. Egia da euskarak egoera zailak bizi izan dituela iraganean eta horrek jarrera negatiboetara eramaten gaituela sarri. Garran-tzitsua da bereiztea, alde batetik, errealitatea nolakoa den; eta bestetik, horren aurrean zein jarrera hartzen dugun. Bizi filosofia da azken batean.
Euskararen inguruko datuak ikusita, barre ala negar?
Ez barre eta ez negar. Datuek txanponaren bi aldeak erakusten dituzte. Batetik, eta erabilera aldetik batez ere, nahi genituzkeenak baino balio txarragoak dira. Baina, bestetik, zantzu positiboak ere badira. Ezin dugu ahaztu euskara ia desagertzear zegoen momentu batetik gatozela eta, nahiko genukeena baino motelago eta indar gutxiagorekin bada ere, euskarak aurrera egitea lortu duela. Prozesu horren kontzientzia har-tzea oso garrantzitsua dela uste dut. Gero, hortik abiatuta, zertan asmatu den eta zertan ez aztertu behar da, aurrera egiteko.
Zein norabidetan egin behar da bide hori?
Etorkizunari begira hiru faktore nagusik joan behar dute eskuz esku. Alde batetik, gizartearen gehiengoaren aldetik euskararekiko atxikimendu soziala mantendu behar dugu. Bestetik, belaunalditik belaunaldira hizkuntza transmisioa bermatzea lortu behar da, etorkinen eta euskara etxetik jaso ez duten horien kasuan ere bai. Azkenik, euskara ahalik eta esparru gehienetan ohiko hizkuntza izatea lortu behar dugu, kalean batik bat. Noski, guzti hori lortzeko ezinbestekoa da botere politikoaren eta administrazioaren sostengua.
Euskaldunok biktimistak garenaren sentipena duzu?
Neurri batean bai, baina faktore askok eragin dute hori. Batetik, hizkuntza-komunitate erraldoiez inguratuta egoteak (gaztelania, frantsesa eta ingelesa, batik bat) gure burua txiki ikustea eragin digu betidanik. Bestetik, urte askotan, euskararen kontrako politika gogorrak eraman dira eta horrek ere sekulako marka utzi digu. Diskriminazio positiboa garrantzitsua da, diru-lagun-tzak ere bai, baina batez ere euskalgintzan gabiltzanok ilusioa sortzea da ezinbestekoa. Plazara atera eta ekintzaile izatea dagokigu, zaila dela jakin arren. Ezin da biktimismoarekin jarraitu bizitza osoan. Lagundu baino, norbere burua zuritzera garamatza jarrera horrek eta ez digu uzten aurrera egiten.
Euskararen etorkizunean zeresan handia izango dute belaunaldi berriek. Gazteek eta euskarak zer nolako bikotea osatzen dute?
Garai batean baino hobea. Nik 15 urte nituenean, Tolosako gazteen artean denak erdaraz aritzen ginen beti. Tolosa bezalako herri batean ia-ia zerotik abiatu zen gure hizkuntza komunitatea orain dela 50 urte. Ordukoa bai zela egoera larria. Gaur egun gazteen erdiak gutxi gora behera euskaraz hitz egiten du Tolosan. Orokorrean, Euskal Herriko gazteek helduek baino gehiago darabilte euskara. Gero, egia da, ezagutzatik erabilerara jauzi handia dagoela eta hor gako nagusi bat dago: euskara eskolatik atera beharra. Eskolatik kanpo ere euskaraz hitz egiteko aukerak bermatzea ezinbestekoa da.
Bitartean hobe ‘euskañol’ez gaztelaniaz baino?
Dudarik gabe. Elkarren ondoan dauden hizkuntza guztietan bezala, normala da nahasketa puntu bat egotea. Hori ez da txarra, baina ez diot egoera hori egonkortu behar denik. Kontua da ezin dela jendea desilusionatu edo iraindu euskaraz ondo hitz egiten ez duelako edo erdarakadak erabiltzen dituelako. Dinamika horretan nago euskañolaren alde, kontrako gehiegi entzun ditudalako. Asko dira euskaraz hitz egiteari utzi diotenak gehiegi zuzenduak izan direlako. Aldiz, gaztelaniaz hitz eginda, inork ez die horrelakorik egiten. Utzi jendea lasai eta bakoitzak hitz egin dezala ahal duen neurrian. Beldurrak eta konplexuak galdu behar ditugu eta jendea animatu behar dugu dakiena erabili eta partekatzera, baita hanka sartzera ere.
Hizkuntza garai modernoetara egokitzea beharrezkoa da. Interneten eta sare sozialen eragina positiboa da euskararentzat?
Alor honetan oso datu interesgarriak ditugu. Momentu honetan, sarean punta puntan dagoen hizkuntzetako bat da euskara. Egun, Wikipedian artikulu gehien dituen 35. hizkuntza da euskara eta Twitterren erabili daitekeen 38 hizkuntzetako bat ere bada. Gainera, katalana salbu, munduko hizkuntza gutxituen artean txio gehien pilatzen ditu euskarak. Oso aktiboa den euskaltzale multzo handi bat dago sarean eta horrek sekulako ahalmena ematen digu. Horrek esan nahi du gure hizkuntza komunitatea modernoa dela eta teknologia berrietara primeran egokitu dela. Hortik ezin gara jaitsi inolaz ere.
‘Tribuaren berbak’ saioan ere euskara duzue ardatz. Denboraldia amaitu berri duzue; hasi zinetenean pentsatzen zenuten euskarak hainbesterako eman zezakeela?
Askok ezetz uste zuten, baina nik argi neukan gaiak aterako zirela. Egin kontu hizkuntza dena dela, hizkuntza leku guztietan dagoela eta dena egiten dugula hizkuntzaren bidez. Saio honekin euskarak aberastasun ikaragarria duela erakutsi nahi izan dugu: ez garela handiak, ez garela aberatsak, baina ez garela hain ahul eta txikiak ere. Hunkigarria izan da, erronka handia zelako. Oso pozik gaude jasotako erantzunarekin eta kritikak onak izan dira. Printzipioz, eta dena ondo badoa, bigarren denboraldiarekin itzuliko gara udazkenean.
Euskarazko komunikabideek bizi duten egoera ez da samurra. Buruko minik ematen al dizu horrek?
Euskal hedabideetan lanean ari garenon kezka nagusienetako bat horixe da gaur egun. Erdal hedabideek kontrolaturiko mundu honetan euskarazko hedabideen oihartzun ahalmena txikia da eta hor borrokatu behar dugu gogor. Horretan ari garen profesionalok ahalik eta produkturik onenak egiten saiatu behar dugu, baina ahalegin bat egin behar dugu guztiok kontsumitzaile moduan: euskarazko film bat ematen badute herrian, egin ezazu ahalegina eta joan ikustera; irakurzalea bazara, egin ahalegina urtean gutxienez liburu bat edo noizean behin prentsa euskaraz irakurtzeko; edo telebista gustuko baduzu, emaiozu aukera bat euskarazko telebista kateari. Euskaldunok badugu gauzak eskatu eta aldarrikatzeko joera, baina gero erantzun ere egin behar da. Izan ere, gauza bat argi dago: euskarazko hedabideak guk kontsumitzen ez baditugu, inork ez ditu kontsumituko.