‘Borroka Kluba’: kritikatik maitasunera
Gizontasunaren krisia, indarkeriaren apologia eta maitasun istorio bat izan dira, besteak beste, ‘Fight Club’ nobela argitaratu zenetik lanaren gainean eginiko interpretazioetako batzuk
1996. urtean Chuck Palanniuk-en (Pasco, Washington, 1962) Fight Club liburua argitaratu zenetik, 18 urte igaro dira euskal irakurleak Borroka Kluba (Txalaparta) irakurri ahal izan duen arte. Baina itxaronaldiak merezi izan du, Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editorearen ustez: “Oso gustura nago emaitzarekin. Aspaldi irakurri nuen liburua, jende askori gertatu zaigun bezala, filma ikusi ondoren. Euskaraz irakurritakoan oso ondo dagoela iruditu zitzaidan, Naroa Zubillagaren itzulpena azpimarratu behar da. Itzulitako liburu batek funtzionatzen du itzulia izan denaren sentsazioa sentitzen ez duzunean, eta liburu honek euskaraz oso ondo funtzionatzen du, oso ondo aurkitu dio jatorrizkoaren erritmoa”.
Hizkuntzarik hizkuntza eta belaunaldiz belaunaldi funtzionatzen duen liburua da Borroka Kluba. Irakurlea harrapatuta geratzen da, aurrera jarraitzeko gogoz, idazleak nahita sortutako deserosotasunari aurre eginda. Sotoren hitzetan, atmosfera arraro bat sortzen du idazleak. “Esaten diren gauza batzuk oso era antzekoan esaten dira, baina ez dira era berean esaten; gainera, hainbat errepikapen ere badaude. Zerbait gertatzen ari dela edo zerbait gertatuko dela sentitzen du irakurleak, baina ez daki zer”.
“Hitz-atzean azaltzen da liburuak bizitza propioa daukala, eta eleberria liburuak berak nahi duen lekura edo jendeak nahi duen lekura joango dela”, dio Sotok, eta, bere iritziz, Chuck Palahniuken lan hau horren adibide argia da, “batez ere filmagatik”. “Filma hasiera batean ez zen oso arrakastatsua izan, baina gerora kultur-ikonoren moduko bat bihurtu zen”. Genero aldetik irakurketa asko izan zituen: gizontasunaren krisia salatzen zuela, indarkeriaren apologia egiten zuela? Interpretazio asko izan zituen, eta Txalapartako editoreak uste du, batez ere, filmak eduki duela horren errua liburuak berak baino. “Alabaina, nik uste dut kontakizunaren oinarrian maitasun istorio bat dagoela, liburu osoan Marla Singer da determinantea”. Ahots narratzailearen, Tylerren eta Marlaren arteko hiruko harremana garatzen joango da istorio osoan, orekaren eta desorekaren arteko jokoa, baina Sotoren ustez, Marla da benetako ardatza.
Halaber, istorioak gainegitura oso indartsua duela uste du Sotok. “Gizontasunaren krisia kontatzen du, etxeko dinamita nola egin azaltzen du, eta Paper Street kalearen atzean dagoen metafora ere hor dago, besteak beste. Beraz, gainegitura hain da indartsua, ezen borroka kluba ideiaren azpitik doazen hariak, eta harietako bat maitasuna da, desagertu egiten diren. Maitasuna bigarren maila batera pasatzen da, nire ustez, traman lehen mailakoa bada ere; eta filman zer esanik ez”.
Ez dator berandu 1996ko jatorrizko liburua, erdaretako itzulpena, filma? Baina, horietaz gainera, euskarazko itzulpenak ere baduela lekurik uste dut Mikel Sotok. “Liburu bat itzultzen duzunean, eta zuk liburua aspaldi ezagutzen duzunean, sentsazioa daukazu jende guztiak ezagutzen duela. Baina gogoan daukat Fahrenheit 451 itzuli genuenean edo 1984 argitaratu genuenean, XX. mendeko istoriorik ezagunenetakoak izanik ere, zenbat jendek ez zituela ezagutzen”. Beraz, Sotoren arabera, lehenik eta behin, Borroka Klubak lekua eduki dezake liburua ezagutzen ez duen jende horren apaletan. “Bestalde, lekua eduki dezake ere ni bezalako mitomano hainbatentzat, nahiz eta filma ikusi duten, eta nahiz eta, beharbada, gaztelaniazko bertsioa irakurrita izango duten, liburua euskaraz irakurri nahiko dutenak”. Eta, azkenik, gazteak aipatu ditu: “Institutu garaian ikasleei hainbat liburu irakurtzeko agintzen zaie, eta askotan liburu horiek bat egiten dute gehiago irakasleen nahiekin ikasleen gurariekin baino; zentzu horretan liburu honek badauzka elementuak atsegina izateko. 17 urteko gazte bati narratzaile batek kontatzen badio nola egiten den etxeko dinamita, eta glizerina eta nitrogenoa nahastuta nitroglizerina sortzen dela, pentsatzen dut kontatzen duenagatik eta kontatzeko moduagatik nahiko txundigarria izango zaiola, eta, beharbada, gazte askok liburu honetan aurkituko duela beste liburu batzuetan aurkitzen ez duen gozatua; edo hori pentsatu nahiko nuke”.