Gure hizkuntzan ekoitzitakoak ez diren geroz eta liburu gehiago heltzen zaizkigu gurera, euskaraz gainera. Euskarazko itzulpengin-tza literarioa bere txokotxoa lor-tzen ari da apaletan. Eta saiakera horretan, besteak beste, aipatzekoa da Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) bideratutako Literatura Unibertsala bilduma, Eusko Jaurlari-tzaren diru-laguntzarekin.
Lehiaketa publiko bidez mundu mailan entzutetsuak diren hainbat lan euskaratu dira azken hamarkadetan EIZIEren bitartez. Lehen aroan (1990-2002), itzulitako 100 liburu argitaratu zituen Ibaizabal argitaletxeak. Bigarren aroan (2002-2010), berriz, beste 52 liburu kaleratu zituzten Elkar eta Alberdania argitaletxeek, lankidetzan. Eta hirugarren eta gaur egunera arteko aroari 2011. urtean ekin zioten. Aro horretan 50 liburu argitaratzeko ardura Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeek dute, oraingoan ere elkarlanean. Urte hauetan guztietan argitaratutako lan batzuk aipatzearren, Anton Chejoven Ipuinak (Xabier Mendiguren Bereziartuk itzulita), Jean-Paul Sartreren Goragalea (Monika Etxebarria) eta Mary Shelleyren Frankenstein (Iñigo Errasti) aurki daitezke bilduman.
Xabier Olarra Igelako editoreak eta itzultzaileak irizten dio Literatura Unibertsala bilduma argitaletxe bakar batek bakarrik aurrera eramateko proiektu handiegia dela. "Horregatik EIZIEk irizpide onarekin planteatu zuen lehiaketa bidez egitea. Segur aski mundu guztian zehar horrelako liburuak, klasikoak deitzen diren horiek, argitaratzeko zailtasunak daude, eta gurea bezalako hizkuntza txiki batean are gehiago. Beti esaten da, umorez edo umore txarrez, klasikoen idazleak oso idazle preziatuak direla, baina inork irakurtzen ez dituenak. Horrelako autoreek euskaraz argitaratuta egon behar dute; baina egia da idazle horiek edo euren liburuek ez dutela berez liburu gisa funtziona-tzeko adinako harrera, garbi eta gordin esanda. Horregatik behar dute hainbat erakunderen bultzada".
Baina euskarara itzulitako literatura ez da Literatura Unibertsala bildumara mugatzen, ezta hurrik eman ere. Euskal argitaletxeek badute euren sailetan bestelako itzulpenik. Eta kalitate oneko itzulpenak, gainera. Inazio Mugika Ereingo Literatura Unibertsala saileko arduradunaren arabera, "gaur egun itzulpengintza inoiz baino osasuntsuago dago. Gauza asko itzultzen da, eta inoiz baino kalitate hobea ikusten da". Hala ere, argi utzi du itzulpengintza alor zabal bat dela, eta ez dela gauza bera haur literaturako hamar orrialdeko ipuintxo bat itzultzea, edo Mary Shelleyren Frankenstein itzultzea. Ana Isabel Morales itzultzailea ere bat dator Mugikaren diagnosiarekin: "Produkzioari eta itzulpenen kalitateari dagokionez, nik esango nuke egoera bikaina dela; nahiz eta literatur genero guztiak ez dauden egoera berean, gehienbat narratiba itzultzen delako".
Itzulpengintzaren bahea Mundua zabala da, eta liburu ugari dago itzultzeko. Beraz, zer itzuli eta zer ez beren-beregi hartu beharreko erabakia da. Moralesen ustez, erabaki hori ezin da sinplea izan. "Helburuak zeintzuk diren, halakoa izango da aukeraketa. Irakurle sendo eta naturala sortzeko, bada, ume eta gazteentzako literatura behar dugu euskaraz, ez dezaten erdaretara jo behar izan munduko literatura gozatzeko. Esaterako, Harry Potterren liburuak euskaraz irakurri ahal izateak berebiziko garrantzia izan du euskal irakurle gazteentzat. Bestetik, literatur erakunde sendoa izan dezagun -literatur ikasketa eta literatur kritika ondo hornituak-, bada, beste literaturetako klasikoak eduki behar ditugu. Eta irakurleen interesak asetzeko, aldiz, gaur egungo autoreak itzuli behar dira. Beraz, errazagoa zait esatea zer itzuli, zer ez itzuli baino".
Igela argitaletxeak hasieratik markatu zituen bi ildo nagusi: nobela beltza eta enigma nobelak itzultzea zuen xede. Nobela beltzaren alorrean Dashiell Hammett, Raymond Chandler edota James Myers Thompson idazleak; eta enigma eleberrien alorrean, Arthur Conan Doylek sortutako Sherlock Holmesen istorioak eta Agatha Christie, adibidez, nahitaezkoak direla dio Olarrak. "Bide zentrala-edo deitzen den horretan, berriz, aukeratzen ditugu, alde batetik, gure gazte denboran edo irakurle ibilbidean aurkitu ditugun zenbait bitxi: esate baterako, Truman Capoteren Odol ho-tzean, edo Louis Ferdinand Celineren Gauaren muturrerainoko bidaia. Baina horiekin batera hainbesteko izena ez dutenak ere aukeratzen ditugu".
Eskutik doazen bi esparru Jatorrizkoa eta itzulitakoa txanpon beraren alde biak dira. Literaturaren alde biak. Areago, itzulpenek aberastu egiten dute euskarazko ekoizpen literarioa. Hori uste du Inazio Mugikak. Bere ustez, itzulpenek dena ematen diote euskal literaturari. "Orain 30 urteko testuak irakurriko bagenitu, ikusiko genuke asko aldatu dela idazteko modua, eta hori da euskarak bere bidea egin duelako literatur mailan, eta bide hori itzulpenari esker izan da. Itzulpenak jarritako koskei esker, nolabait, euskarak hizkun-tza maila aurreratu du, eta gaur egun ezin da idatzi duela 30 urte bezala; hainbat idazle itzulita ez zeudenean bezala. Nik garrantzi ikaragarria ematen diot itzulpengintzaren bilakabideari". Ana Isabel Moralesek hizkuntzari baino gehiago, literaturari berari erreparatu dio. Itzulpengintzak jatorrizko euskal ekoizpenari "pieza gehiago eskaintzen dizkio bere legoak osatzeko. Bere imajinarioa populatzeko eszenario, pertsonaia eta pentsamendu gehiago. Batek eduki lezake pieza biko lego bat edo gela bete pieza, era guztietako paisaiak eta eraikinak osatzeko".
Xabier Olarraren hitzetan, euskaraz idazten duten idazleek lotuago egon beharko lukete beste hizkun-tzetatik euskarara egiten duten ahalegin horrekin. "Baina hori, noski, idazle bakoitzak ikusi beharko du. Hor idazle klase bat baino gehiago dago. Gurean badago Pello Lizarralde bezalako idazle bat gero guretzat itzulpenak egiten dituena. Baina beren bidea egiten duten idazleak ere badaude, euskarara itzultzen den horri kasu berezirik egin gabe. Gertatzen dena da orain 50-60 urte dituzten idazleak guk obra horiek argitaratu baino lehen lan horiek irakurrita dituztela. Andu Lertxundik behin baino gehiagotan esaten zuen irakurle belaunaldi galdu bat osatzen zutela horiek; baina orain idazten ari diren gazteagoek badute aukera lan hori guztia euskaraz jasotzeko. Eta nik badakit idazle batzuek jarrai-tzen dutela itzulpena argitaratzen dugunon lana".
Zailtasunak zailtasun eta ohiturak ohitura, euskal itzulpengintzak bere lekutxoa egin du azken urteotan literaturan. Gero eta aukera gehiago dago munduko autore entzute-tsuenen eta ez hain sonatuen lanak euskaraz irakurtzeko. Xabier Olarrak dioenez, oro har, azken 20 urteetan itzulpengintzan egin den ahaleginak egoera hobetu du, "eta hemendik aurrera ere, ziurrenera, gauzak bide horretatik joango dira". Ea horrela den.