Hiltzeko egun denak ez dira berdinak. Batzuk egokiagoak dira besteak baino. Euskal Herriko bazter askotan, matazaz beterik zegoen paisaia udazkeneko egun hotz hartan. Etxe barruko sutondoaren magalean epeltasunaz goza-tzen egoteko moduko eguna egin zuen Mikel Laboa zendu zenean. Euskal Herriko ume bati, notizia jakin zuenean, ederra iruditu zi-tzaion haurrekin harreman berezia zuen Donostiako Alde Zaharreko medikuak egun elurtsu batean agur esan izana. Eta Massachusettseko Emily Dickinson poeta ere ados egongo zen euskal musikaren aitak azken arnasa hartu zuen eguna horrelakoa egokitu zela jakitean. Hortaz, hemengo haur bat eta nazioartean izena eta ospea duen poeta bat ados egon daitezke gai sakonei buruzko iritzia ematerakoan. Kaleak hotz eta zuri zeuden eta etxe barruak epel eta gozo. Askok, egun hori, beheko suaren epelean, berbaroan arituz pasa zuten, falta direnez oroitzen. Eta horrela pasa ez zutenek Mikel Laboaren bizitzaren ariman barrura eginez bere esentzia ezagutzeko aukera dute, Tanttaka Teatroak giro horretan kokatuta ekoitzi duen Zazpi aldiz elur, Mikel Laboa elurretan antzezlanean.
Zazpi eszena edo zazpi Mikel Laboaren bizitzako etapa kontatzen dira, zazpi elur maluta balira bezala. Zazpi kontakizunetan oinarritzen da istorioa, bata bestearen artean independenteak dira, alegia, ez dute loturarik. Heriotzarekin zerikusia duen eszena bat edota abeslariak haurrekin zuen harremana jasotzen duen irudikapen eszeniko bat aurkezten dira. Etapa horien ordena ez da kronologikoa, ez baitira denborari lotutako orden zehatz batean kontatzen. Esaterako, Frantzian, hain justu Aveyronen, XIX. mendean aurkitu zuten basa-ume baten istorioa kontatzen da Mikel Laboak haurrekin zuen harremanari buruz ari-tzeko. Zentzu horretan, oso ikuskizun librea dela diote Mireia Gabilondo zuzendari artistiko eta aktoreak eta Iñaki Rikarte aktoreak, kontakizuna ez baita modu zuzenean egiten. Bere bizitza jasotzen du obrak, baina ez datu konkretuekin: non jaio zen, zein zen bere lana, noiz zein disko kaleratu zuen eta noiz hil zen. Bere unibertsoaz hitz egiten da, bera fisikoki agertzen ez bada ere. Hala ere, bera, une oro dago presente. "Mikel Laboaren autobiografia baino gehiago, bere arimaren autobiografia da", zehazten du Iñaki Rikartek. Bere arima, izateko modua, jarrera eta espiritua islatuta agertzen dira une oro. Horregatik, Mikel Laboa ezagutzeko bide bat izan ahal da, bere ideologiaren pintzeladak aurkezten baitira elur maluta itxuraz.
Elurraren eta suaren magikotasuna Bernardo Atxagak idatzitako testuetan oinarritzen da lana. Mikel Laboa hil zenean, bere alargunari, Marisol Bastidari, elkarrizketa egin zion eta izenburu horixe bera jarri zion elkarrizketa handik sortu zuen testu-sortari: Zazpi aldiz elur. Zazpi, berekin zerikusia zuten zazpi objektu erabili zituztelako berari buruzko anekdotak kontatzeko. Elurra, elurra egin zuelako 2008ko abenduaren 1ean, bere heriotzaren egunean. Horrenbestez, elurra egiten duen egunetan leihotik barrura begiratuta etxean sor-tzen den atmosferan girotzen da kontakizuna. "Kanpoan hotza egiten duenez, jendea sutondoan jar-tzeko gonbita egiten da eta ez daudenez oroitzera", adierazten du Iñaki Rikartek. Eta istorioa girotzen laguntzen dute Iñaki Salbadorrek eta bere pianoak, Anjel Unzuk eta bere gitarrak eta Maria Berasartek eta bere ahotsak.
Antzezlanaren idazlea sakona denez, ikuskizunak sakontasuna duela diote aktoreek, baina, era berean, xumea ere badela. Publikoak sentiberatasuna nabarituko du, oso ikuskizun goxoa delako. Elurrari buruz hitz egiten da eta, zentzu horretan, elurraren magiari buruzko sentipenak taularatzen dira. Guztia etxe-barru giroan kokatzen denez, beheko suaren inguruko kontuek ere magia erakusten dute. Argi-zuri izpiak islatuta ageri dira eta erlojuaren hotsarekin batera, argi txiki baten inguruan, kontatzen diren istorioek samurtasuna transmiti-tzen dute. Iñaki Rikarte: "Eszenografia oso abstraktua da, ez da zeha-tza. Piano bat dago, hori ezinbestekoa baita ikuskizunean eta Iñaki Salvador ariko da jotzen. Gainon-tzean, aulki bat baino ez da egongo". Eta espazio zuri batean mamitzen da ordu beteko kontakizuna, kontatzen denak duelako indarra eszenografiak baino gehiago. Kontatzen dena bakarrizketa formatuan, gogoeta existentzialista itxuran, kanten bidez edota bi pertsonen arteko elkarrizketen bidez kontatzen da. "Interakzioak era guztietakoak dira eta, zentzu horretan, ikuskizuna oso askea eta ausarta da", gehitzen du aktore gasteiztarrak.
Esperimentalismoa Ikuskizun ausarta da, Mikel Laboari gustatuko litzaiokeen modukoa. Bera esperimentuak egiten oso zalea zen. Ausardia asko erakusten zuen eta gauza berriak egiten frogatzera arriskatzen zen. Ohiko kantak errepikatzen aritzea ez zitzaion gusta-tzen eta mugako egoerak maite zituen Mikel Laboak. Horregatik, ideia horren harira, ikuskizunean ere ez dira soilik bere ohiko kantak entzungo, alegia, ezagunenak eta errepikatuenak direnak. "Musikari dagokionez ere ikuskizun arriskatua izango da", aurreratzen dute. Hori guztia eta bere hainbat anekdota kontatuko ditu Iñaki Salvadorrek. Iñaki Rikartek adierazten duenez, "Mikel Laboarekin batera, bere karrera profesionalean, urte askoan aritu zen musikari lanetan eta oso ondo ezagutzen zuen Mikel Laboa. Horregatik, oso garrantzitsua da Iñaki Salvador ikuskizunean egotea". Maria Berasartek bere letrak kantatzen ditu, baina une batean musikariek eta antzezleek ere abestu egingo dute. Beraz, guztien artean eta guztiek batera osatzen dutela ikuskizuna diote, musikari, abeslari eta antzezleek.
Zazpi aldiz elur, Mikel Laboa elurretan obra iragartzen duen kartela ikusi dugu, dagoeneko, Gasteizen. Eta ikusiko dugu Euskal Herriko hainbat herritan. Jose Luis Zumeta margolariaren lana da iragarpen-kartela. Mikel Laboaren argazki batetik abiatuta pop-art itxura emanez sortu duen irudia da: abeslariaren aurpegiko espresio desberdinak erakusten dira, kolore arrosaz, lilaz, urdinez, gorriz, berdez eta horiz eta bere elementu esanguratsua zen albo batera zuzenduta jarritako txapela beltza.
Datorren asteazkenean, hilak 12, Gasteizko Printzipal Antzokian inauguratuko da antzezlana, ilun-tzeko 20.30ean, eta hurrengo egunean ere bertan arituko dira. Horren atzetik, maiatzaren 16ra arte, Euskal Herrian barrena eskainiko dute emankizuna hirietan eta herrietan egingo duten ibilbidean: Donostian, Lasarten, Leioan, Hondarribian, Oñatin, Santurtzin, Basaurin, Durangon, Eibarren, Zornotzan, Galdakaon, Gernikan, Tolosan, Arrasaten, Barakaldon, Andoainen eta Sopelan izango dira.
Mikel Laboaren nahiak, barruko mundua, izaera eta emozioak modu ausart, jolasti, esperimental, aske eta gertukoan ezagutzeko aukera zuzena da antzezlana. Mikel Laboa ezagutzeko parada izateaz gain, Bernardo Atxagaren munduan barrena sartzeko emankizuna ere bada, abeslariaren eta idazlearen, bien munduak elkarlotuta daudelako.