New Gaza
Gaza galduta ibili da hedabideetan azken asteotan
Gaza galduta ibili da hedabideetan azken asteotan. Noizbehinka baten batek gogoratzen zuen zerbait: eguraldi txarra dela eta, jendea larri zebilela Gazan (eguraldi onarekin ondo ibiliko ziren, bai), ez dakit non bake planaren ez dakit zenbatgarren fasea abian jartzeko bilerak zeudela, gobernuz kanpoko erakunderen batek Gazako palestinarren beharrak ez ahazteko eskatzen zigun, den-dena gero eta urrunago, gero eta lausoago, harik eta Davosen Jared Kushnerek, Trumpen suhi eta aholkulariak, eta judutar erlijiokoak, New Gazarako hirigintza-plan estrategikoa aurkeztu duen arte. Han-hemenka garapenaren planoak ikusi ditugu, infografiak (hotelak, industria-guneak, parkeak, kiroldegiak... ) eta adimen artifizialak sortutako irudiak (eraikuntza megamodernoak itsaso ondoan). Trumpek berak aitortu zuen pozik bere burua funtsean higiezinen agente moduan ikusten duela, hau da, politikan eta bizitzan dirua egiteko dagoela. Gazan bertan bizi den jendeaz tutik ez. Israelek Somalilandiara bidaliko ditu palestinarrak? Zerbitzari eta garbitzaile moduan erabiliko dituzte batzuk, ez gehiegi, New Gaza horretan?
