Agur esateko modua(k)
Eta thunderbird deskapotatuak hegan egiten zuen bitartean gure ideiak muturrera eramateak merezi duela sentitu genuen
Logroñon gertatu da. 20 urteko mutil batek eta 13 urteko neska batek, obretan zegoen eraikin batera igo eta, antza, nahita bota dute euren burua goitik behera.
Zirrara sentitzen dugu horrelakoak entzutean. Eta autopsiak argitasunen bat eman bitartean, hipotesiak planteatuz arituko gara guretzat ulergarria izan daitekeen arrazoiren baten bila. 20 urtekoak 13koari (edo 13koak 20koari) burua ideia zoroz beteko zion? 13koa adin gabea izatean, etxekoek ez zuten harremana begi onez ikusiko? Drogen eraginez arituko ziren? Baina beste galdera hau ere gailentzen zaigu: eroa da hiltzeko modu (esan dezagun) arranditsua hautatzea? Noraino joateko prest geundeke muturrenekoa den sentipen edo ideia bat defendatzeagatik? Edo eta bizitzari guk nahi dugun amaiera emateko?
Aurrera, lagun batek kontatu zidan, bere familiakide batek eutanasia eskatu zuela eta heriotza-data erabaki zuenean, familiako guztiak batu zituela, elkarrekin gosaldu zutela eta eztabaidaren klimax-ean zeudela, “heldu da ordua” esan, eta aldez aurretik prestatuta zuen protokoloari lotu zitzaiola. Lagun honek ezin zuen ulertu erabakia hitzetan jartzera nola heldu zen. Ezin ulertu, nola deitu zituen gosaltzera, “horrela” agur esateko.
Norbere buruaz beste egiteko eta, hala izan bada, kasu honetan, modu kolektiboan, arrazoi ezberdinak egongo dira, edo ez. Beharbada ez. Bizitzen jarraitzeko ere ez diogu geure buruari egunero arrazoi bat aitortzen. Eta bizitzen jarraitzen dugu. Modu ez kontziente batean.
Gertakizunaren berri izatean, une batean, airean irudikatu ditut bi gazteak. Eta irudia izoztu egin zait. Thelma & Louise kañoiaren aurrean bezala. Bi emakumeek hartutako erabakia askatzailea izan zela gogoratu dut, ikus-entzuleok on ikusi genuela. Filma bat zelako eta bi emakumeen heriotza ez zitzaigulako pisu. Baina gure arimak askatu zituen filmak. Eta thunderbird deskapotatuak hegan egiten zuen bitartean gure ideiak muturrera eramateak merezi duela sentitu genuen. Tankera horretako azken erabaki bategatik bada ere, merezi duela bizitzea.
