Síguenos en redes sociales:

Roma locuta, causa finita?

Epaia ez da oraindik idatzi ere, gehiengoaren iritziarekin bat ez datozen bi boto partikularrak, baina pisu juridiko berarekin, ere ez

Roma locuta, causa finita?Sergio Perez

Ez dut kasualitateetan sinesten, ez diot sinesteari uzten ere, baina aitortu behar dut gustokoa baduenak mila arrazoi izan dituela gogoz gozatzeko joan den ostegunetik, Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrena. Nork pentsatuko zuen halako efemeride bat anekdota edota xelebreki bihurturik ikusiko zenik, komunikabide eta iritzi-emaile nagusien arretatik urrun? Azaroaren 20an bertan, Auzitegi Gorenaren aurrean Estatuko Fiskal Nagusiaren aurka bideratutako epaiketan ezarritako kondena argitaratu zen. Epaitzaren argitaratzeak honako hauek bereganatu ditu: izugarrizko titularrak eta albistegiak, iritzi-zutabeak, solasaldiak, legebiltzarreko esku-hartzeak, era guztietako iruzkinak sare sozialetan, izen handiko profesionalek egindako gogoeta zorrotzak barne, kolore guztietako adierazpen politikoak eta ondorio ez oso atsegingarriak. Tira, Auzitegi Gorenaren erabakia hori edo beste edozein izanda ere, eragin mediatikoa berdin aurreikus izan zitekeen, baina, egia esan, beste edozein kontsiderazioren gainetik, kasu honetan bizi izan dena benetan harrigarria da. Hasteko, oso kasu zehatzetan izan ezik –auzipetu batekin prebentziozko espetxealdian eta auzitegiak ezarriko den kondenak nahitaez dakarrela aske uztea jakinez– testuinguru honetan epaitza aurreratzea haren motibazio juridikoa ixilduz sententzia ezagutuarazi arte, praktika harrigarria da. Eta jokabide horrek kasuaren nabaritasunari eta auzipetuaren salbuespenari erantzuten diola adierazten duenik badago ere, zuhurtzia ekarri beharrean, zabal-zabalik ireki die atea espekulazio mota guztiei, denak lekuz eta tonuz kanpo eta, gainera, guztiz alferrikoak. Ze, momentuz, inork ez baitaki deus.

Epaia ez da oraindik idatzi ere, gehiengoaren iritziarekin bat ez datozen bi boto partikularrak, baina pisu juridiko berarekin, ere ez. Beraz, epaia ezagutzera itxaron behar da, ezadostasuna errekurtsoen bidetik kudeatu ahal izateko. Beste edozer, Auzitegi Gorenak berak sustatutakoa ere, zarata besterik ez da. Roma locuta, causa finita? Jajai!