Sahara
Espainiako errege zaharrak ez al du bere memoria-liburuan zerbait idatzi orain dela berrogeita hamar urte gertatu zenaz?
Espainiako telebista publikoa nuen jarrita, albistegiren bat, kasu handiegirik egin gabe, etxean beste zereginetan nenbilen bitartean. Sahara hitza entzun, eta platerak utzita, telebista aurrean jarri nintzen Ibilaldi Berdeari buruzko erreportaje bat edo horrelako zerbait espero bainuen, berrogeita hamar urte bete baitira egunotan. Ekonomiaz ari ziren nire harridurarako, Mendebaldeko Saharak duen etorkizun ekonomiko oparoaz, hain zuzen ere. Fosfatoak atera ziren, jakina, eta arrantza, orain errusiarren esku, ulertu nuenaren arabera. Haserre bidean nengoen erreportajeak beste jite bat hartu zuenean: itsasoaren eta basamortuaren arteko besarkadaz metafora higuingarri baten ostean, Marokok Dakhla hirirako dituen asmoak aletu zituen esatariak; badirudi haizea indartsu dabilela beti paraje hartan, eta windsurfa, kite-surfa eta izenez ere ezagutzen ez ditudan beste hainbat kirol egiteko leku egokia denez, kirol turismoa bultzatu nahi dutela marokoarrek; funtzionario edo agintari gorbatadun batek azaldu zuen ez dakit zenbat enpresa txiki daudela lanean dagoeneko eta, noski, lanpostuak ugalduko zirela. Eta kito. Hitzik ez sahararrei buruz, hitzik ez autodeterminazioaz (zer zen hori?), hitzik ez autonomiaz (Espainiak hainbeste maite dituen autonomia gutxi gorabehera zabal horiek), hitzik ez mende erdia bete duen abandonuaz. Espainiako telebista publikoak ontzat ematen zituen, metafora lotsagarriez zipriztinduta, Marokok lurralde urrun horretarako dituen sportswhasing planak.
Plateretara itzuli nintzen, eta baten bati nire amorruaren biktima izateko gutxi falta zitzaion. Gutxi barru Dakhlan, Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharan, ospatuko diren lehiaketez, txapelketez eta abarrez informatuko gaituzte hedabideek, eta mundu osoko kirolariez beteko da hiria, baita euskal kirolariez ere, eta kontatuko digute berriro ere kirolak ez duela politikarekin zerikusirik eta txerrikeria hori guztia. Espainiako errege zaharrak ez al du bere memoria-liburuan zerbait idatzi orain dela berrogeita hamar urte gertatu zenaz? Asko du isiltzeko.
