Israelgo armadak Askatasunaren Flotilla deitutakoa, oraingo honetan itsasontzi bakar batez osatua, Madleen izenekoa, eta bertan zihoazenak bahitu ditu nazioarteko legeak urratuz (Israelek nazioarteko legeak urratzearena ez da albiste, ados). Itsasontzia Ashdod hiriko portura eraman dute, eta badirudi ekintzaileak espetxe batera bidali dituztela lehenbailehen herrialdetik kanporatzeko. Israelgo estatuak barregarri utzi nahi ditu ekintzaile horiek: selfieak egiteko yate batean zegoen celebrity talde bat baino ez zela adierazi du. Ulertzen saiatu banaiz ere, ez dakit noiztik den Europako Parlamentuko kide bat celebrity. Egia da Greta Thunberg ospetsua itsasontzian zihoala, baina ez dut uste celebrity izena ondo dagokionik. Agian nirea da errua, eta Israelgo estatuak argitu beharko dit kontzeptua.
Orain artekoa ez da oso berria izan, baina kasu honetan xehetasun batek harritu nau, ez dakit berria edo ezezaguna izateagatik: Israelgo armadak ekintzaileei 2023ko urriaren 7an Hamasek Israelen kontra egindako eraso lazgarriaren irudiak erakutsiko dizkie “ikus dezaten Israel noren aurka ari den borrokan”. Pentsatuko ote du Israelgo armadak Greta Thunbergek eta besteak eta ia-ia mundu osoak ez dituztela, ez ditugula, irudi horiek ikusi? Hamasek berak zabaldu zituen, eta behin baino gehiagotan agertu dira hedabideetan. Duda egiten dut Israelgo hedabideetan Gazan egunero gertatzen ari denaren irudi lazgarriak ematen dituzten. Pentsatuko ote du Israelgo estatuak Greta Thunberg eta besteak eta ia-ia mundu osoa ergelak direla, garela? Urriaren 7ko irudiek ez dituzte gaur bertan albistegietan ikusiko ditugun irudiak estaliko.
Ekintza sinbolikoa zen Askatasunaren Flotillarena, Gazara hurbiltzen saiatu ziren laguntza humanitario apur bat eramateko, egoera salatzearren. Bazekiten ez zutela lortuko, noski. Gazako jendearen gosea ez da arindu. Nazioarteko komunitatea deitzen den hori bere horretan dago, zerbait egiteko ezgai. Israelgo estatuak izua zabaltzen segituko du. Leku gutxi du itxaropenak.