Asteburu pasa lagunekin. Eguraldiak etxe barruan egotera derrigortu gaitu. Mahai jokozaleak dira batzuk eta laster atera dituzte euren gogokoak. Binaka antolatu behar izan dugu. Baina ohiko bikoteak apurtuz. Lagunen bikotekideekin nahastuz. Hor konturatu naiz sortzen dela bestelako lehia bat. Norbere bikotekidea ikusteko beste modu bat. Nirekin ez bada, enteratuko zara, halako sentsazio bat. Bitxia, benetan. Interesgarria, baita ere, lagunaren bikotearekin zer nolako harremana sortzen den, nola intimatzera heltzen garen “besteari” irabazteko.

Lehia bizia piztu da gizonezko lagunen artean. Jokorako aukeratutako bikotekide emakumezkoak izugarri zaindu eta goratu gaituzte. Gu ere eurenak gara. Emakumeetako batek esan du ahaztuta zuela lehiatzea zer zen. Beti galtzera jokatu izan duela etxean semeei (semeak ditu bakarrik) irabazten uzteko. Semeei eta hauen aitari.

Eta esaldiarekin gelditu naiz. Galtzera jokatzen du amak, semeak eta aita irabazle atera daitezen. Semeen eta aitaren gozamenerako. Galtzea zer den ez dute ikasi, beraz. Galtzeak dakarren nekea, zergatik esan ez, galtzeak dakarren mina eta ondotik behar den berriz eraikitzea, berriro hutsetik hastea, edo zeure bideari ekin behar diozula onartzea… horrelakorik ez dute ikasi ez lagunaren semeek, ez eta bikoteak ere.

Eva hil duen aitagatik galdetu dugu zergatik ez duen, lehenbizi, bere buruaz beste egin. Erraza da erantzuna. Irabazita joan nahi izan duelako. Partidari bukaera berak eman behar ziolako, bai ala bai. Ezin zion bere buruari galtzen utzi eta, are gutxiago, “bestearen” aurrean burumakur agertu.

Eguneroko keinu txikienetan ere irabazle/galtzaile binomioak eraikitzen ditugu, eten gabe. Eta batzuek, beti irabazi egin nahi eta behar izaten dute. Ez dira bestelako egoeretarako prestatu ere egiten. Eta gero datoz, datozenak.

Asteburu pasa lagunekin. Mahai jokoetan aritzeko binaka antolatu gara. Baina ohiko bikoteak apurtuz. Eta hor konturatu naiz irakatsi egin behar dugula galtzen. Eta partida mahai gainean utzi eta alde egiten. Izan zaitez nirekin zinena baino zoriontsuagoa esaten.