Aurtengo San Prudentzio eguna gogoratuko dugu arabarrok eta arabarrak ez direnek egun historiko eta histeriko bat izan zelako. Egia esan, egun historikoak bizitzea, bata bestearen ondoan, nekagarria da, su-etena behar dugu. Badirudi Araban, festa eguna zenez, kalteak eta kaltetuak ez direla, beste lekuetan izan direnekin konparatuz, hainbesterako izan (ostalariak kexu dira, nola ez), baina denok ikaratuta, apur bat gutxienez, egon ginen, eta egiaztatu genuen genekiena, teoriaz, behintzat: gure mundua edo gizartea edo sistema edo bizimodua hauskorrak direla, oso hauskorrak, eta inoiz gertatu ezin zitekeena gerta daitekeela.
Atzokoan, jakina, meme-egileek eta faltsukeria-egileek bazka ederra izan zuten, askok eta askok ez dute inoiz nahikorik izaten begi-bistako anabasarekin, gehiago behar dute. Era berean, argindar kontuetan adituak ugaritu ziren barraskiloak bezala egun euritsuetan (barkatu arabarkeria, baina garaian gaude). Lan ikaragarria izan behar du denetan aditu izan nahi horrek. Niri kostatzen zait ulertzea zer den “potentziaren fluxuak izandako oszilazio handi bat” eta benetako adituek ematen ari diren azalpen horiek guztiak, eta kostatzen zait ulertzea, adibidez, zergatik burtsa espainiarrak lasai asko eman zuen atzoko eguna iberiar penintsula osoa argirik gabe zegoen bitartean (zirrikitu analogiko bat gorde dute negozioak egiten jarraitzeko munduaren bukaerara arte?).
Pandemian izan genuen itxialdian bezala, baikorrek diote asteleheneko itzalalditik ere jakintsuagoak aterako garela. Agian teknikariek zerbait ikasiko dute, hilabeteak emango dituzte zerbait hori ikasten, baina iruditzen zait gehienok aurrera egingo dugula pozik eta alai gertatutakoa berehala ahantzi nahian (hurrengora arte), eta diktadura digitalaren lasterketa zoroa zoroago bilakatuko dela, konprobatu badugu ere gure bizitza osoa trepeta elektronikoen menpe antolatzea agian ez dela ideiarik zentzuzkoena.
Nik gauza bat ikasi dut: pilekin dabilen irrati txiki bat erosi behar dudala lehenbailehen.