Barkatu
Adin batetik aurrera denok daukagu 40, 50, 60 edo urte gehiago dituzten pertsona horien zerbait
40, 50, 60 edo urte gehiago dituzten pertsona asko ezagutzen ditut oraindik ez dakitenak nagusitan zer izan nahi duten. Bizitzak ustekabean harrapatu dituela ematen du, ahal izan duten moduan egokitu direla aurrean aurkitzen joan direnari. Tren bat hartu dute, gero beste bat, askotan azken segundoan, abiatzear zegoenean, eta ez dute astirik izan ere haren norabidea zein zen ikusteko. Horrela iritsi dira lekuren batera, ziur jakin gabe bertara heldu nahi zuten, eta egun batzuetan, euritsuetan batez ere, euren buruari galdetzen diote: baina zer egiten dut nik hemen?
40, 50, 60 edo urte gehiago dituzten pertsona asko ezagutzen ditut, hamarkadetan inprobisatzen ibili direnak, han-hemenka probatzen, zer aurkituko, aldez aurretik ezarritako estrategiarik gabe, planik gabe. Futbolinari edozelan indarrez ematen diogunean, panpin guztiak aldi berean bueltaka jarriz, eta zortearen zain geratzen garen bezala, horrela astindu dute bizitza. Eta batzuek golak sartzea lortu dute horrela, eta beste batzuk garaipen handiaren atarian geratu dira beti, beti bolatxo zuria noiz gerturatuko zain.
40, 50, 60 edo urte gehiago dituzten pertsona asko ezagutzen ditut ziur ez dakitenak behin izandako haurraren zerbait gordetzen duten oraindik barruan. Batzuetan saiatzen dira gaztetxoak ziren garai hartan zituzten ametsak gogoratzen, baina halako su-hesi bat agertzen zaie bidean, ordenagailuetakoa bezalakoa, mundu hartan sartzea eragozten diena. Gorputzaren autodefentsa moduko bat da, segurtasun-sistema instintibo bat, gogoratzea eragozten diena, beren burua traizionatu dutela ez sentitzeko, ez direlako nahikoa saiatu haur edo gazte zirenean zituzten helburu horiek lortzen.
Suposatzen dut adin batetik aurrera denok daukagula 40, 50, 60 edo urte gehiago dituzten pertsona horien zerbait. Izan ere, gure bizitzekin gustura egon edo ez, denok galdetzen diogu noizbehinka geure buruari zer egiten dugun hemen, denak iritsi gara toki askotara zorte hutsez edo halabeharrez, eta denok begiratzen diogu noizbait zuri-beltzeko argazki batetik irribarre egiten digun haurrari, barkamena eskatuz.