Yahoo boys
Maitasuna dela uste dugunak, arima ere galtzera eraman gaitzakeela.
Maialen Akizuk, bere igandeko zutabean, Anne Dufourmantelle filosofo eta psikoanalistaren tesia izan zuen hizpide. Maitemintzea baino hobe dela sexua izatea, alegia. Filosofoaren ustez, ez baitago maitasuna baino gauza arriskutsuagorik, anestesiatuta bizitzera kondenatzen gaituenez gero.
Ez dakit maitasunari buruzko epai hau orokorregia ez ote den. Baina, egia da, maitasunak, edo hobe esan, maitasuna dela uste dugunak, arima ere galtzera eraman gaitzakeela.
Ziberkriminalitatea mundu guztian hedatua den arren, Nigerian ba da talde antolatu handi bat, Yahoo boys deitzen dena, emakumeei iruzur egitera dedikatzen dena. Adimen artifizialari esker, nigeriar batek amerikar baten itxura hartzen du sare sozialetan. Bai itxuraz eta baita hitz egiteko moduan ere. Eta biktimekin harremanetan jartzeko trikimailu ezberdinak erabiltzen dituzte.
Gizon zuri hauek, normalean, medikuak, pilotuak edo militarrak direla diote. Etxetik kanpo luzaroan ibili behar izaten duten profesionalak. Eta biktimarekin sare sozialen bidez harreman luze xamarra izan ondoren, halako batean, diru premia bat sortzen zaie eta biktimari eskatzen diote. Hor ez dakigu zer gertatzen den biktimak hain itsu, hain maiteminduta egoteko, eta iruzurra ez usaintzeko. Psikologoek fenomeno horri “errealitatearen etetea” deitzen diote, ikusi nahi duzun hori egiazkotzat hartzeko joera, alegia. Gaurko gizartean, oso hedatua dena, itxuraz. Eta Brad Pitt aktore ederraren neska-laguna zela pentsatzen zuen emakumea gupida gabe larrutu genuen arren, uste baino ohikoagoa omen da fake news-ak antzemateko desgaitasuna.
Ikusitakoak ikusita, arrazoia eman beharko diogu Anne Dufourmantelle filosofoari. Biktimek ustezko mutil-lagun hauekin sexua izan balute, errazagoa izango zatekeen. Ez zuketen dirurik galduko. Ez eta arimarik ere. Sexuak den-dena argituko zukeen.
Nire galdera da, krimen antolatu honek, adimen artifizialari esker, Brad Pitt-ekin euskaraz aritzeko aukera eskainiko ote digun etorkizunean. Zeren eta hala izango balitz, harreman horri ez nioke uko egingo nik neuk ere.