Carmelo Ortiz de Elgea zendu berri zaigu. 2019an elkarrizketatu nuen Garen hori (Elkar, 2021) liburuan, beste 15 lekukorekin batera, txertatzeko. Euskal pinturaren ordezkari lez aritzeko hautatu nuen, eta arabarra zelako. Bere tailerrean egin genituen hiru ordu eder, isildu gabe.

60. hamarkadan sortu ziren “Orain”, “Gaur” eta “Emen” taldeei buruz gehiago jakin nahi nuen nik. Batez ere, “Orain”, Arabako artistek sortutako mugimenduaren inguruan. Carmelo, ostera, ez zen handikia hitz egiten. Ekintzaileak izan zirela erantzun zidan. Oteizarena izan zela ideia. Eta, beraiek, jarraitu egin ziotela. Gauza apurtzaileak egin nahi zituzten artistak zirela, artearen bidez errealitatea erakutsi nahi zutenak. Aurretik eginda zegoenari bueltatu eman. Ohiturazko pinturari, adibidez. Baina baita artista izatearen ideiari berari ere.

Alferkeriatzat jotzen zuen herritarrek beren herriko artea eta artistak ez ezagutzea. Eta esan ondoren zuzentzen zuen bere burua. Alferrak edo ezezagutza handia zegoela. Arte Eskolen sorrera aldarrikatu zuen Europako kultur mugimendurik handienetzat jo izan zen 65eko manifestua beurona izan zen. Gaur, Orain eta Emen taldeko kideen lana Euskal Herriaren identitatea irudikatzeko erabili ote zuten galdetu nionean, beraien lana Euskal Eskolaren oinarriak sortzeko izan zela erantzun zidan. Eta mugimendu horretan parte hartuz, talde bateko edo leku bateko sentitzen zinela: hemengoa.

“Gernika” koadroaz galdetuta, berak Gernika ezagutzen zuela erantzuten zekien. Gernika berea zela. Picasoren lanean sinbologia ikusten den bezala, berean, Gernikako herria suntsituta agertzen dela.

Mieg, Shommer, Oteiza, Txillida, Zumeta, Ramon Uranga, Morrás edo Askunze bezalako artistekin taldean aritutako pintore honentzat, hiru euskal balio nagusiak kalitatea, berrikuntza eta artistaren zintzotasuna ziren. Eta kultura propioa izatea. Nahiz eta berak euskaraz ez zuen egiten (emazteak bai), gure baliorik handiena hizkuntzaren handitasuna zela azpimarratu zidan elkarrizketaren hondarrean. Harro sentitzekoa zela, eta sakratua.