Hego Koreakoa sare asozialetan ikusi nuen lehen aldian, bertako presidenteak gerra legea ezarri zuela herrialdean, pentsatu nuen fake bat zela, edo k-pop talde baten edo k-telesail politika-fikziozko baten promozio kanpaina, edo k-zerbait iragartzen ari zirela (oso modernoak omen dira hegokorearrak). Baina ez, benetakoa izan zen dena. Geroago, oposizioak zentsura mozioa aurkeztu zuen parlamentuan presidentea kargugabetzeko, baina presidentearen alderdikoek boikota egin eta parlamentua abandonatu zuten, beraz, mozioa ez zen atera; hau da, alderdi ustez demokratiko baten arabera, gerra legea ezartzearena, demokrazia bera hiltzea alegia, ez da hainbesterako. Demokrazia liberalek autoritarismorako joera berezkoa dutela diotenei arrazoia eman beharko zaie.

Hego Koreakoa gutxi izango balitz, azken egunek nazioarteko beste korapilo bat ekarri digute: Siriako matxinoak. Matxinoak, hori da hedabideek erabiltzen duten hitza, orain arteko Siria, Baxar al-Assad-ena, Errusiarekin zihoalako, bestela, Siria Estatu Batuekin lerratuta egongo balitz, matxinoak terrorista hutsak izango lirateke. Oraindik dira apur bat terroristak, baina mendebaldeko herrialdeek HTS (Sortaldea Askatzeko Erakundea) talde terroristen zerrendatik aterako dute ziztu bizian, eta buruzagia, al-Golani izenekoa, terrorista izatetik jihadista pragmatiko izatera pasatuko da abiadura handiko trena baino azkarrago. Jihadista pragmatikoa: hori ere irakurri dut. Orain dela gutxi irakurri nuen Raffaele Fitto, Meloniren gizona Europako Batzordean, eskuin muturreko moderatua zela. Zer egingo diogu, laster faxista bakezalea edo nazi zentzuduna bezalakoak entzungo ditugu.

Siriako jendea pozik eta itxaropentsu dago, hedabideetan ikusten dugu hori, behintzat. Inork ez daki zer gertatuko den hurrengo hilabeteetan; analistak hor dabiltza Iran, Israel, Turkia, Errusia eta kurduak direla, eta, ororen gainetik, Estatu Batuak, jakina. Sirian oraindik bizirik daudenek onena merezi dute, baina, azken aldian ikusi duguna ikusi ondoren, niri ezinezkoa zait baikorregia izatea.