Estatu Batuetako hedabide batzuen arabera, Biden presidente ia-ia ohiak baimena eman dio Ukrainari irismen luzeko misil estatubatuarrak erabiltzeko Errusiaren aurka. Irakurri dudanez misil horiek hirurehun kilometroko irismena dute, edo zazpiehunekoa, beste egunkarien arabera. Badirudi orain arte Estatu Batuek misil horien erabilera mugatu nahi izan dutela gatazka ez areagotzeko, baina Ipar Koreako soldaduak Errusia laguntzeko sartu direnetik kontua korapilatu omen da. Errusiak aspaldian azaldu zuen misil horien erabilera urrats arriskutsua izan daitekeela kontsideratu ahal baitute OTAN osoa parte hartzen ari dela gerran. Estatu Batuek, aldiz, azaldu dute misil horiek soldadu ukrainarrak babesteko bakarrik erabiliko direla, baina batek jakingo du zer esan nahi duen “babestu” hitzak gerra batean. Errusiak ere irismen luzeko misilak izango ditu, irismen luzeagokoak, beharbada (luzera garrantzizkoa da kasu hauetan).

Arima xaloek uste dute Trump presidente ia-ia berriarekin gerra datorren urtean bertan amaituko dela, hauteskunde kanpainan esandakoa kontuan hartzen bada, baina eskarmentuak esaten digu hauteskunde kanpainetan esaten dena eta geroko errealitatea oso urrun egon daitezkeela. Trumpen taldeko bat barrez lehertu omen zen Zelenski presidenteak Ukraina herri subiranoa zela aldarrikatu zuenean. Nik uste dut armagintza-industriak erabakiko duela gerra bukatzen den edo ez, eta noiz, negozio eder hori ez dute berehala galduko. Edo agian errentagarriagoa da Ukraina berreraikitzeko antolatuko den negozioa. Geopolitikaren eta turbokapitalismoaren bideak ezin asmatuzkoak dira.

Idatzi dudana berrirakurri ondoren beldurtzen hasi naiz: misilak, Ipar Korea, OTAN, Trump... Eleberri distopiko baten hasiera ematen du horrek guztiak, baina ez, ez da fikzioa, gure mundua da, gero eta zoroagoa, gero eta beroagoa, amildegira biribilketa alaian doana, guk Eusko Jaurlaritzako “bonodendak” biharko egunik ez balego bezala xahutzen ditugun bitartean. Beharbada, horregatik, ez dagoelako bihar gehiegirik.