Datorren asteartean, urriaren 1ean, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatuko da (Nazio Batuen kontu bat). Pentsatzekoa da egun horretan hedabideek eskainiko diotela gaiari hainbat orrialde, minutu eta irudi, eta erakunde publikoek asmo ederrak eta egitasmo are ederragoak aurkeztuko dizkigutela: zahartze aktiboaz hitz egingo digute, bakardadez, osasun arazoez, zainketaz, arrakala digitalaz... Ondo. Ez dakit bezperan euskal hiri eta herri askotan pentsiodunen mugimenduak antolatuko dituen ekitaldi, adierazpen edo manifestazioei kasu gehiegi egingo dieten hedabide eta erakunde publiko horiek, azken finean zaharrek dituzten arazo askoren, ez guztien, jatorria erretiro-pentsioa da, dirua alegia, eta diruaz mintzatzea ez da erosoa; diruaz hitz egitea gustu txarrekoa dela irakatsi ziguten aspaldian aberatsek. Pentsiodunen mugimenduaren eskaerak ez dira bitxiak, pentsio publiko duinak guztientzat eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, baina publiko hitza erabiltzea gaur egun susmagarria izan daiteke, arriskutsua.

Hurrengo asteartea aukera ona izan daiteke sare asozialetan pentsiodunen aurka zabaltzen ari diren gezurrak, uste ustelak eta aurreiritziak salatzeko. Izan ere, azken aldian gero eta gehiago dira (ergelen kopurua infinitua baita) pentsiodunak eta, oro har, jende nagusia, berekoiak, bizkarroiak eta pribilegiatuak direla aldarrikatzen dutenak. Eskuinak deskubritu du ideia ona izan daitekeela belaunaldien arteko borroka piztea, gazteak zaharren kontra jartzea, eta askok pozez onartu dute etsai berria eta ikasi boomer hitza irain moduan erabiltzen. Klase-borroka hondakin zaharkitu bihurtuta, belaunaldi-borroka asmatu egin dute, migranteen aurkakoa asmatu zuten bezala. Gobernuek, bestalde, erretiroa atzeratzeko hamaika bide probatzen dute, ez baitago ezer osasungarriagorik lanean hiltzea baino, gaixotasun larri asko saihesten dira horrela.

Baina jende zaharra, eskarmentu handikoa, gogorra da ahul dagoenean ere; astelehenero dago kaleetan, badakite bizitzaz gozatzen.