Halaxe jakitera eman du Gatibu taldeak, utzi egingo dutela. 2025eko abenduaren 13an BECen emango duten kontzertua izango omen da azkena. 25 urteko ibilbide oparoari azken puntua jarriko diotela eta “Agur esan barik bagoiez” izango dela leloa adierazi du Alex Sarduik.
Jarraitzaile asko penaz agertu dira. Beraiek, ordea, taldeko kideak, pozik daude. Bizkarretik pisua kendu dutela esango nuke nik. Izan ere, 25. urteurrenari ez zekitela nola aurre egin adierazi dute eta “hor goian gaudenean” uztea erabaki dutela. Errazena jarraitzea litzatekeela. Eta ni esaldi horrek harrapatu nau. Txalotzen dudan ideia delako. Errazenean ez erortzea erabaki izana, alegia.
Gurean, kulturalki, irauteari sekulako balioa ematen diogu, bidea egitea asko kostatu izan zaigun seinale. Baina zenbat ekimen ditugu iraunarazi ezinda, dagoeneko ekarpenik egiten ez dutenak, bere garaian garrantzitsuak izan zirelako? Kultura bizi batek dinamikoa behar du izan: proiektu berri asko behar ditu baina, era berean, zaharrei agur esaten ere jakin behar du. Eta zer hobeto, ibilbide bat, ekarpen bat egin duten proiektuek, “goian daudenean” agur esaten jakitea baino. Egin duten ekarpena mailarik gorenean uztea, hiltzen utzi barik, edo okerrago, hilzorian izan barik.
Gatibuk euskara hutsean ondutako ibilbidea uzten digu, bizkaieraz, hain zuzen. Eta oholtzara jauzi egin zutenean euskal musikagintzari falta zitzaion tonua ekarri digu: alaia, jostaria, lotsagabea.
2025eko abenduaren 13an eskainiko dute, bada, azken kontzertua. Santa Luzia egunean. Jostunen eta sare-jostaileen egunean. Eta jostunek egin ohi duten bezala, jantzi berri bat utziko digute, okasiorako diseinatutakoa. Legatua deitu diote musikariek. 25 urteko ibilbidean plazaratu dituzten diskak eta etenik gabe herriz herri eskainitako ehundaka kontzertu. Gatibu indartsu eta bizirik zegoeneko irudia, finean.
Horrez gain, halabeharrez irautearen kultura gainditzen jakitea azpimarratuko nuke nik. Euskal kulturak ere, indartsu eta bizirik dagoen irudia eman dezan.