Jon Hernández Sumarrek Gasteizko Legebiltzarrean duen ordezkari bakarrari egin berri dioten elkarrizketa irakurri bitartean, ez nekien aspaldiko elkarrizketa zen edo sozialista bati eginiko aspaldiko elkarrizketa zen edo edozein nazionalista espainiarri aspaldian edo oraintxe bertan eginiko elkarrizketa zen, eztabaida identitarioarekin alamena ematen baitu horiek guztiek egiten duten bezala. Identitate fluidoen garaian gaudela diote, baina batzuentzat hau-Espainia-da-eta-kito dogma unibertso osoan dagoen identitate solidoena da, aldaezina.

Kontua da, ikasturte berriaren hasiera dela-eta, estatus berriarena (hauxe bai marmota) berriro plazaratuko dela, eta Jon Hernández, Eneko Andueza eta Javier de Andrés bezala, hasi da mugak jartzen betiko argudioa erabiliz: jendeari ez zaiola hori interesatzen, jendeak beste kezka batzuk dituela eta abar. Erabakitzeko eskubidea alde batera utzita, badirudi oraingoan euskal nazioa aitortzea (baina ze nazio, Hego Euskal Herria, EAE?) eta Espainiako Estatuaren eta EAEren arteko itun aldebikoa, edo horrelako zerbait, aztertu eta proposatzeko asmoa dagoela. Andueza jaunak berehala adierazi du kontzertu ekonomikoaren antzerako kontzertu politiko bat Espainiako konstituzio santutik guztiz kanpo dagoela.

Laburbilduz: betikoa. Gernikako Estatutuan dauden eskuduntzak betetzearekin konformatu (betetzen badira), eta eman eskerrak. Gogoratu zer-nolako lanak eman dituen trafikoak Nafarroan. Gauzak asko aldatuko lirateke Pedro Sánchezek EAJren eta EH Bilduren laguntza behar-beharrezkoa izango balu Madrilen, katalanena bezala. Orduan nazioa, aldebikotasuna, erabakitzeko eskubidea, erreferenduma eta Gasteiz eta Ezkio (biak) izango genituzke egun batetik bestera. Ez da hori gertatuko, baina egoera horren aurrean Eneko Anduezaren aurpegia irudikatzea plazer maltzurra da niretzat. Askotan esan dut: errazena erreferenduma bihar bertan egitea izango litzateke, independentziaren aurkakoek irabaziko lukete, eta akabo autogobernu ponentziak eta batzordeak.