Saiakeratxo hau Parisko 2024ko Olinpiar Jokoak hasiko diren egunaren bezperan idazten dihardut, eta zuk, irakurle horrek, joko horiek hasiak diren egunaren biharamunean hau irakurriko bide duzu. Denbora-kokatze hori doa, hemen irakurriko dituzunak larunbatean jazoko denaren iragarpen eta iritziak direlako. Horraino, argitasunak.

Coubertin aberatsa zen, eta jakintsua, eta Grezia klasikoaren zalea. Halandaze, munduko orduko kirolarientzat, guztiak baitziren aberatsak eta amateurrak, antzinako Greziako Olinpiar Jokoak berpiztea proposatu zuen. Hara joateko betekizun nagusia kirolari amateurrak izatea izan zen, eta kiroltasuna, eta heziketa ona. 1896ko apirilaren 6 hartatik hona gauzak nahiko aldatu dira, lagun! 128 urte horietan zehar, ostera, Coubertinen asmoak horretan geratu dira: asmo hutsetan. Egia da urteotan zehar gizarte batzuen egoera hobetu egin dela, eta kirola ez dela klase aberatsenen esparrua soilik.

Horrela, bada, kirol-jarduera demokratizatu egin da, eta gizarteko beheko klasekoek eta klase ertainekoek kirola egiten dute aberatsek egiten duten bezala; baliteke instalazioak berdinak ez izatea, baina Euskadin, behintzat, kirol-instalazio publikoak maila handikoak dira. Hau da, guztiok gara berdinak kirola egin ahal izateko. Berdinak? Beharbada, ez. George Orwellek Abereen etxaldean Napoleon txerriaren ahoaren bidez esan zuen legez: “Guztiok gara berdinak, baina batzuk berdinagoak gara besteak baino”. Badaezpada. Inor erra ez dadin. 

Zertara dator kontu hau, bada?

Bada, orain urte batzuk kirolari profesionalei aukera zabaldu zitzaienetik Olinpiar Jokoetan parte hartzeko, eta amateurrak sasiamateur bihurtu direnetik, benetako kirolari amateurrek lekua galdu dute Olinpiar Jokoetan, eta profesionalek eta sasiprofesionalek eurenganatu dute haiei berez zegokien lekua. Ikuskizunaren mesedetan. Errekorren mesedetan. Kirolarien heziketa geroago eta zakarragoa da, baina berba ofizialek dena apaintzen dute. Azaluskeria nagusi.