Trajeek eta soinekoek hartu dituzte Azpeitiko kaleak Elegante Egunaren edizio berri batean.
Euriak atseden hartzea erabaki du, eta Azpeitiko Inauterietako egun seinalatuenetako bat errespetatu du.
Larunbateko ekaitzek igande egonkorrago bati eman diote bidea, eta horrek jendea kalera ateratzera animatu du, festaz gozatzera.
Musika eguna hasteko
Goiza dianekin abiatu da. Izarraitz Txistulari Taldea, Udal Musika Banda, Banda Gaztea, Juan Antxieta Musika Eskolako txilibiteroak eta Arrasateko gaiteroen doinuak protagonista izan dira goizko lehenengo orduetan, Incansables txarangarekin batera.
Ondoren, Izarraitz Txistulari Taldeak, Udal Musika Bandak eta Banda Gazteak iragarri dute Plaza Nagusian egin den sokamuturra, Lopene ganadutegiko zezenekin.
Aldi berean, Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako XLV. Sokamuturra Argazki Lehiaketa “Imanol Elias” saria ere martxan izan da, irudi onenaren bila eta herriko kaleak argazkilariz betez.
Artzaiak eta iñudeak
Goizak aurrera egin ahala, kaleak jendez bete dira, eta herritarrak zein bisitariak beren jantzirik dotoreenekin atera dira kalera, Elegante Egunak agintzen duen moduan.
Koloreek, oihalek eta xehetasun zainduek irudi berezia eman diote herriari. Eleganteen pasieran ere ez da girorik faltatu: Itsasiko artzai-inudeen kalejira, danbor jotzaileak, San Sebastian egunean aurkeztu zen karroza eta Incansables txaranga lagun, kaleek festa giro bizia bizi izan dute.
Jai giroa nagusi
Festa, ordea, ez da hemen amaitzen. Arratsaldean ere egitarau oparoa izango da: Azoka Plazan Astindu Berriz Armayuek! ikuskizuna eskainiko dute Bad Sound Sisterrek, Bibiana Bakana Dragek eta DJ Eromenek.
Ondoren, berriz ere zezenaren irteera girotuko dute Izarraitz Txistulari Taldeak, Arrasateko gaiteroek eta Udal Musika Bandak, eta beste sokamutur bat izango da Lopene ganadutegiko zezenekin.
Iluntzean eta gauean ere ez da musikarik faltako: Gauerdi Txaranga kalez kale ibiliko da, Obaneuke taldearekin erromeria izango da Plaza Nagusian, eta Rockalean ekimenak Alde Zaharreko kaleak astinduko ditu. Elegante Eguna luzerako doa oraindik.
Asteleheneko egitaraua
Azpeitiko festek Inauterietako astelehenean jarraituko dute. Banda Gaztearen eta Juan Antxieta Musika Eskolako txilibiteroen kalejirak emango dio hasiera egitarauari eguerdian.
Ondoren, haurrek hartuko dute protagonismoa. Mozorrotutako haurren desfile koloretsua bertan behera geratu da eguraldi txarraren iragarpenagatik, baina Izarraitz pilotalekuan gozatu ahal izango dute mozorro festaz.
Gora bihotzak ikuskizuna ere pilotalekuan izango da, eta gozokiak ere hantxe banatuko dituzte.
Sokamuturra
Arratsaldean, Azoka Plazan Jokai jolasak izango dira, euskal mitologian oinarrituta, 16.00etatik 19.00etara bitartean. 16.15ean, Izarraitz Txistulari Taldeak eta Udal Musika Bandak girotuko dute zezenaren irteera, eta ondoren sokamuturra izango da, Saka ganadutegiko zezenekin.
Iluntzean eta gauean, Deiadar Txaranga eta Udal Musika Banda kalez kale ibiliko dira, eta Itsasi taldeko ttuntturroak ere festara batuko dira. DJ Davilak eta DJ Oihan Vegak arduratuko dira Sanagustingo musikaz.
Mozorro lehiaketak ere izango du bere une nagusia: mozorroen erakustaldia Plaza Nagusian 22.00etatik 23.00etara izango da, sari banaketaren aurretik. Gaua DJ emanaldi batekin luzatuko da.
Inauteriei agurra
Los Pasai txarangaren kalejirarekin hasiko da astearteko programazioa 00.30ean. 05.00etan Baratxuri Sopa Jana egingo dute Azoka Plazan.
Goiz-eresia Udal Musika Bandaren eskutik etorriko da. 06.45ean, Izarraitz Txistulari Taldeak eta Udal Musika Bandak iragarri dute zezenaren irteera eta sokamuturra.
Eguerdian Banda Gaztea aterako da kalera, eta arratsaldean berriz ere zezenaren bueltako hitzordua izango da, oraingoan Lopene ganadutegiko sokamuturrarekin, 16.30ean.
Kultur eskaintzak ere izango du lekua: Ochiren Legenda filma emango dute Soreasu antzokian.
Eguna borobiltzeko, Irulitxa Txaranga ibiliko da kalez kale. 20.00etan suzko zezena izango da Plaza Nagusian, Irulitxa txarangaren laguntzarekin, Inauteriei agur esateko.