Juvenalek esaldi hori, mendeak eta milurteak garrenean ospetsu bihurtuko zena, idatzi zuenean, ehun bat urte falta ziren Jesus Nazaretekoa jaio zedin, eta urte gehiago kristauak erromatar zirkuetan erailak izan zitezen. “Brianen bizitza”n ageri den legez, judegu ekintzaile batzuek euren artean eztabaidatzen dihardutela, taldeburuak itauntzen du ea zer egiten duten erromatarrek judeguen alde. Jakina, itaun erretorikoa zen, eta berak erantzuten dio bere buruari esanaz erromatarrek ezer egin ez dutela. Hala ere, batzarrean daudenak hasten dira esaten: “hezkuntza eman digute”, “akueduktuak egin dizkigute”, etab. Historia istorioen bidez emanda, On Migel Unamuno eta Jugok esango zuen bezala.

XX. gizaldian, Espainiak emandako filosoforik esanguratsuenetako batek esan zuen legez, “bizitzak berdin dirau”. Esaldiaren esaldia Julio Iglesiasek bota zuena! Gaur egun oraindik bete egiten dena! Jar dezagun adibide hau: “Eurocopa”. Hartan-horretan, Espainiako selekzioa Europako txapeldun suertatu da. Etor gaitezen, ostera, finalerdia irabazi zuen egunaren biharamunera. Telebistan agertzen dira espainiar zaleak Alemaniara joateko aireportuetan. Bat-batean erositako txartelekin azaldu dira aireportuetara… UZTAILEAN!!! Ez dago arazorik aireportuetan; ez dago lan-eskakizunik garbiketako langileenik, ez eta aire-kontrolatzaileenik, ez eta hegazkinetako langileenik. Gauza bera jazoko ahal da gizaki arruntok aireporturatzen garenean!

Bien bitartean, zirkuko mailadietan dauden ikusleek luzuriko ikuskizuna nork bere kasa aztertzen dute; areago, Mikel Oiartzabalek gola sartu zuenean, haren inguruko batzuek, betikoek, edozer leporatu zioten. Oraingoan, berriz, Mikelen lagunak erasoa zuzendu zezaketenen lekura azaldu ziren eta kuadrillakoa babestu. Eibartarra ote da Espainiaren etorkizun batua landu duen euskaldun bakarra? Hobeak ote ziren azken hirurogeitaka urteetan Espainiaren koloreak jantzi dituzten euskaldunak? Gomuta bereizgarria ote dute betikoek?