Belarriez mintzatzerakoan artista baten belarriari buruz arituko beharko ginateke, eta ez! Trump ez da artista! Vincent Van Goghek bere ezkerreko belarria moztu zuen, zati bat bai, bederen. Frantziako Arles hirian gertatu zen ekintza odoltsuak artista polifazetikoaren kondaira puztu zuen. Historiako datu haiek esaten dutenaren arabera, Van Goghek bere belarria paper batean bildu eta Rachel izeneko emakume bati oparitu omen zion. Zezenketekin liluraturik zegoen, pintoreak, eta han, dakikezuenez, belarriak mozten dizkiote zezen gixajoari. Margolariaren buru desorekatuan halako zurrunbilo batek egin zuen habia, eta agian, eromenak bultzatuta mutilazio hori egin zuen. Horren ostean, ospitale psikiatrikoetan hainbat denboraldi eman zuen. Depresioaren unerik gorenean, bere buruaz beste egin zuen, eta pistola batekin bere bularra (ez belarria) zulatu zuen.
Artistaren atal horri erreparatuz, eta inolako arrazoinamendurik gabe, Donostia aldean bere musika atsegin ez zaidan talde batek izen berezi bat hartu zuen behin: La Oreja de Van Gogh. Agian hemendik aurrera, beste nonbaiten, La Oreja de Trump izeneko banda bat ere sortuko da, egun hauetan belarri horrek sekulako arrakasta lortu baitu.
Bai, hainbat egunez, izokin koloreko azala duen morroi xelebre horren belarriaz mintzo da telebista eta hedabide guztietan. Trump zoroaren kontrako atentatuak eta bere belarriak, eta Espainiako futbolaren testosteronak nahiko hipnotizaturik izan dute gizartea azken egunotan.
Bi esparru horietan nabarmentzekoak, honako hauek: Trump atentatuari buruz agertu diren argazki guztiak. Denak ia perfektuak. Bere ukabila airean, indarra aldarrikatuz. Pelikula bat zirudien.
Eta futbolaz, deus gutxi. Badirudi espainiartasuna eta ultraeskuina anaituago agertu direla kirol horri esker. Ezinezkoa izan da taldearen ospakizun eta adierazpen lotsagarriak ez ikustea edota ez entzutea. Futbola eta politika ondo baino hobeto nahastu dute betikoek.
Norberak jakin beharko du nora begiratu edota belarria non jarri.