Asko miresten ditut tribuak onesten ez dituen ideiak bultzatzen eta defendatzen dituzten pertsonak. Tribuarekin bizitzen jarraitu behar izan arren, kokiltzen eta isiltzen ez direnak. Horietakoa da, adibidez, Ramon Etxezarreta (Urrestilla, 1954). Atzokoan Berria egunkariak egin zion elkarrizketan, bere ohiko bizitasunez eta aho bilorik gabe jardun zuen gai likatsu askori buruz eta, horien artean, batek deitu zuen nire arreta. Euskarak ez duela etorkizunik izango zioen, “Arabian euskaraz egitean berriatuarrak edo urrestildarrak garela adieraztea Fustiñanako ikasleek ulertzea baino inportanteagoa den bitartean”. Euskara batuaren erabilera indartzearen aldeko agertu izan da beti Ramon eta igandekoan, gaitzetsi egiten zuen euskara jatorraren izenean sasieuskalkien (hala izendatzen zituen berak) erabilera defendatzea. Sasieuskalkiak indartzen dituzten komunikabide publiko eta pribatuetako esatariak eta kolaboratzaileak izan zituen jomuga, sare sozialetako txokokeriazaleak, bizkaiera ezberdinen asmatzaileak, gipuzkoarrak eta, bereziki, ondarroar, azpeitiar, azkoitiar eta Euskal Herri osoko iletratuak. Ustezko euskalkiak ez direla jatortasunaren seinale kritikatzen zuen. Euskara batua lantzen ez baldin bada, porrotera goazela gaineratzen. “Jatorkeria nagikeria da”, esanez azkentzeko. Eta arrazoi osoa du azken honetan. Jatorkeria, alaerrezkeriz defendatzen denean, nagikeria hutsa baita.
Euskara, guztiona izanik ere, batzuona areago dela dirudi beste batzuena baino: jatorragoak eta biziagoak direnena, ustez motelagoak eta kutsatuagoak direnena baino. Kontua da, eremu euskalduneko herri txiki bateko jatortasunak gutxirako balio diola Zuberoako edota Tafallako bati elkar ulertzeko. Etxezarretak “gutxiago korri, gehiago idatzi eta irakurri” esanez azkentzen zuen elkarrizketa, euskara batua eta menperatzen ditugun sektoreetan sakontzea aldarrikatuz. Ez zuen lagunik erakarriko ideiok plazaratuz. Baina zer pentsatua emango zuelakoan nago. Tribuak jendarte jatorra eta esanekoa hobesten baitu. Gutasun txikia handitzat duena.