Nerabezaroan, behin lagun kuttun batek esan zidan, mutilen gorputzeko atalik sexiena orkatilak direla. Eta uda hura, hondartzan tripaz bera etzan eta bainura korrikan abiatzen ziren mutilen orkatiletara begira pasatu genuen. Nerabezaroko kontuak!
Niri, ostera, begirada iruditu izan zait beti sexiena. Begiradarekin asko hitz egiten baita. Distantzia edo hurbiltasuna erakusteko, errespetua aitortzeko, ulermena entseiatzeko, konplizitatea lantzeko edota sexualki erakartzeko balio dezake, besteak beste.
Gizonezko eta emakumezkoon arteko begiradak, ostera, sarri askotan, gaizki ulertuak izan dira. Gaztea zarenean, esaten dizute zuzenegi begiratzen duzula. Ezer nahi ez izatera, ez zenukeela horrela begiratu behar. Eta zu saiatzen zara, anbiguotzat jo litekeen zure begirada hori zuzentzen. Balizko arazoak ekiditen.
Gero, konturatzen zara, nonbaitera numeroa egiteko deitu izan dizutenean, ihes egin nahian begiratzen dizutela, azalpenen bat eskatzeko beldur balira lez. Eta zuk ulertu izan duzu ez duzula marra gorria pasatu behar. Denbora behar dutela egoeraren deserosotasunari aurre egiteko. Bitartean, zure bidea egin behar duzula. Eta mikroa hartzen duzunean, orduan defendatu behar duzula zure begirada, mundua eta mundutiarrak ulertzeko erabiltzen duzuna, gizonezkoak barne.
Orain, ostera, esateko daukazunagatik deitzen dizutenean, badira begietara begiratzen ez dizuten gizonezkoak. Errespetu eza erakustetik oso hurbil mugitzen direnak. Holakoetan, pentsatu ohi dut, genero arteko rolak irauli egin direnez gero, begietara zuzenegi begiratu nahi ez dizutelako begiratzen dutela lurrera. Gaizki-ulerturik ez eragiteko.
Egia dena da, hori horrela izatea gustatuko litzaidakeen arren, errealitatea, besterik dela. Nahiago dutela gizatasun falta erakutsi, behinola beste posizio batean egon zirela agertzea baino.
Marmol zurian irudikatutako greziar klasikoko eskulturek ez dute begiradarik. Gizonezkoen orkatilek, ostera, ikerketa-gai izaten jarraitzen dute.