Zenbaki biribila ez izan arren, edo agian zenbaki biribila ez delako, idatziko dut hemen, jasota gera dadin, astelehen arratsaldean irakurri nituen albisteen arabera Gazan hildakoak 32.845 direla jadanik. Horri gaineratu behar zaio etxe-hondakinen azpian daudenak. 7.000 inguru omen dira. Badirudi sarraskia ez dela laster amaituko, su-etenaren eskaerak ugaldu egiten badira ere; berdin dio Nazio Batuek, Estatu Batuek, Aita Santuek edo sinadura bilketek esaten dutena. Estatu Batuak, gainera, Nazio Batuen ebazpenak onartzeko gai dira eta, aldi berean, Israelera arma gehiago bidaltzeko.
Astelehen arratsaldean Al-Xifa ospitaleko irudiak agertu ziren hedabideetan. Aitortu behar dut begiak itxi nituela irudiok telebistan eman zituztenean. Ez naiz ni koldarregia gauza horietarako, baina Gazakoa hasi zenetik bigarren aldia da begirada aldendu behar dudala; aurrekoan hezur eta larru egina ohe batean zetzan ume baten irudia izan zen. Eta ez dut uste irudi horiek eman behar ez direnik, aitzitik, pentsatzen dut guztiz beharrezkoa zaigula argazki eta bideo horiek guztiak gure begien aurrean jartzea Gazako triskantza zer den ahantzi ez dezagun.
Gazatik iristen zaizkigun beste irudiekin, laguntza humanitarioa goitik botatzen duten hegazkinak erakusten dutenekin, harriduraren harriduraz begiak zabal-zabalik gelditzen zaizkit; aberatsek pobreekin beti egin dutena gogorarazten didate, urrutitik txanpon batzuk bota ikusteko nola borrokatzen diren haien artean. Ulertzen dut egoera larriaren aurrean janaria helarazteko azken bidea dela hegazkinena, ez dagoela besterik, baina Israelgo gobernuak ondo baino hobeto erabili du kontua Gazako biztanleak gehiago umiliatzeko: begira basati horiek, elkarrekin borrokan apurrak lortzeko, batzuek laguntza metatu dute negozioa egiteko gero, begira zer solidaritate gutxi, begira zein ergelak diren, igeri egiten jakin gabe itsasoan sartu eta ito, animaliak bezalakoak dira. Besteari gizatasuna kentzea kontu zaharra da, tamalez.
Amorragarria da pentsatzea hau ez dela Gazari buruz idazten dudan azken zutabea.