2004ko martxoaren 11ko atentatuen egiletza ETAri egotzi eta bazterrak nahasi nahian ibili ziren. Euren erabakietan besteen lepoa jarriz. Zuritu ezin dena zuritu nahian. Hamar urte beranduago, gezurra badirudi ere, kaleko iritziari galdetzen diozu atentatu haren nondik norakoaz, eta jende batek sorbaldak igotzen ditu zerura: “Esaten dutenez…” batekin desenkusatuko dira. Gezurrak, maltzurra denean, bizitza luzea du.

Orain, EH Bilduren kartela izan dute jomuga. “Erabaki aldaketa” leloaren azken hiru hizkiak irakurri dituzte eta asaldatu, ETA irakurri dutenean, eta “Euskadi”-ri dagokion “e” horretan, ETAren enblema deskubritu dutelarik, arkeologia lan fin baten ondoren. Isabel Díaz Ayuso izan da ezker abertzaleak, batez ere, gazteei sartu nahi izan dien ziriaz konturatu eta sare sozialetan alarma deia eman duena. Eskerrak!

Mariano Rajoyk bere buruari Euskaditik “alde” egiteko eskatzen zion kartelak jarri zituztenetik, euskara apur bat gehiago ikasi edota itzultzaile hobez inguratuko zirelakoan nengoen baina ez dirudi hala denik. Tamainako manipulazio eta errealitatearen desitxurakeriaren aurrean, ordea, ez da beste munduko erantzun olaturik sortzen gurean. Inor gutxi sartzen da, adibidez, Ayusoren ezagutza maila mugatuaz, historiari eta geografiari (eta filosofiari, eta soziologiari, eta…) ematen dizkion ostikadez, kontatzen dituen gezurrez, desinformazio kanpainez edota baliatzen duen manipulazio zakarraz.

Ez dut uste bera baino serioagoak garelako denik. Ezta gezur horiek bi egunetan isiltzen eta ahanzten direla sinisten dugulako ere. Gure diskurtsoetan zentratzen gara eta aurkariarenean, deus gutxi. Bestearen begian lastoa sartzea baino areago saiatzen gara, gurean minik egin ez dezaten.

Bada, garaiotan, komando bat behar genukeelakoan nago. Umorea lanabes, manipulazioa eta manipulatzaileak iritzi publikoaren aurrean epaituko lituzkeen komandoa. Balizko komandoko kideek kazetariak izan beharko luketela? Unibertsitateetako kafetegietan sortu bide ziren lehena, tankerako taldeak. Intelektualak eta lotsagabeak. Jostalariak.