Hedabideen arabera hirurogeita hamar minutu eman zuten hizketan Milei presidente argentinarrak eta Frantzisko aita santu argentinarrak, ohi baino luzeago, aita santuak estatuburuekin dituen bilerek berrogei minutu irauten baitute Vatikanoko protokolo estuan; bitxia, beraz, baina beharbada ez hain bitxia kontuan hartzen bada argentinarrek mintzatzeko duten etorri ospetsua. Ez da hori argentinarren aurkako aurreiritzia, aitzitik, nik gauza argentinarrak eta Argentina bera atsegin ditut, ia-ia Uruguay bezainbeste.
Milei presidentea Erromara joan zen Israelen egon ondoren, Erroman santa berri bat, argentinarra, Mama Antula izenekoa, egin behar baitzuten. Israelen Mileik negar egin zuen Erosten Harresian, negar-negar, ozen eta kamera guztien aurrean. Irakurri dudanez, Milei judaismora aldatzeko prozesuan dago, eta agian horregatik jokatu zuen hain histrioniko Jerusalemen, bere errabinoari erakutsi beharko zion asmoen benetakotasuna. Erroman ere besarkada eta musu histrionikoak eman zizkion Frantzisko aita santuari San Pedron bertan, agian deabru, putakume, komunista eta abar deitu eta gero, egin beharreko keinua zelako bi estatuen arteko harremanak leuntze aldera. Txantxetan ibili omen ziren, aita santuak ilea moztu ote zuen galdetu zion, eta Mileik ezetz erantzun, orraztu baino ez (bide batez, orraztu Argentinako gaztelanian “emprolijar” dela ikasi dugu).
Hirurogeita hamar minutu iraun zuen bileraz ez dakigu ezer, ez bada Vatikanoak atera duen agiria betikoarekin: elkarri egindako opariak (tira, hori publikoa da), gaizki-ulertuen zuzenketa, harremanak sendotzearena, nazioarteko egoeraren azterketa, Argentina bisitatzeko gonbidapena, gobernu argentinarraren politika ekonomikoaren azalpena eta abar. Ez dakit aita santuak zerbait esango zion politika ekonomikoaz. Nik uste dut Mileiren politika ekonomikoaren ardatza dela pobreen kopurua gutxitzea modurik zuzenean, pobreak hiltzen uzten, alegia. Gaixotasun garestia dutenekin gauza bera. Zerurako bidea azkartzea ez da hain txarra izango.