Kezkatuta gabiltza. Orain arte ziurrak zitzaizkigun eremuak, aldatuz ikusten ditugu. Orain arte lana eginez lortzen genituen helburuak, ez direla nahikoak konturatzen gara. Orain arte komunitatea egiteko genituen bideak, jada ez dira apustu sendoak. Etorkizuna asmatzeko, etorkizunerako prestatzeko, eta etorkizunean ere herri izaten jarraitzeko, modu berriak asmatu beharra dugula dirudigu. Eta urgentziaz, gainera.
Aurreko mendeko politikak eta argia egin ziguten erreferenteak, jada, iraganekoak dira. Horiek ezagutu beharra izanda ere, eta horien legatua transmititzeko lana egin behar bada ere, jada, ez dira helduleku oso. Asko dago berreskuratzeko, eta asko dago berritik asmatzeko.
Orain konturatu gara, hala ere, ezer asmatuko badugu, ezer proposatuko badugu, ezer hori guztion begiradarekin egina izan dadin eta ahalik eta hartzaile gehien izango badu, herritarrekin batera pentsatu, deliberatu eta proposatu beharko dugula. Orain konturatu gara, ia-ia guztiok batera, gizarte zibilaren baitan dagoela irtenbidearen giltzetako bat.
Hala ere, guztiok nahi dugu gizarte zibilaren parte bat (handiena, ahal bada). Baina bakoitzak, bere partea. Bakoitzak bere erara hurbildu nahi du gizarte zibilarengana, bere erara hitz egin nahi du gizarte zibilarekin. Bere tempus-ean. Bere harremanatzeko tresnekin. Neurrian. Eta kontua da, behinola euskararen biziberritzearekin gertatu zen bezala, lekuan lekuko hausnarketak eta lekuan lekuko ekimenak sortuz joan zirela (indarrak eta ekimenak solapatuz), etorkizuna pentsatzearekin ere, erremediorik gabe, halatsu gertatuko dela.
Herritarrei ez zaie gehiegi galdetu etorkizuna nola pentsatu nahi duten. Herritarrei ez zaie gehiegi galdetu nola parte hartu nahiko luketen. Baina herritarrek bai ikusten dute, espazio ezberdinak sortzen ari direla etorkizuna pentsatzeko, eta espazio ezberdinek herria gune txiki askotan zatikatzen dutela, komunitate zentzua berreraikitzea eta etorkizun amankomuna irudikatzea inoiz baino beharrezkoagoa denean.