Halaxe zioen, oihuka, gerritik gora biluzik eta paparra zein besondoak tatuaiaz apaindutako gizonezko gazte batek, besoak zerura igota zituela telebistako kameren aurrean, Ferraz kaleko manifestaldian: “Ni nazia naiz, ni nazia naiz”.

Batzuen adierazpen askatasunak beste batzuon askatasuna mugatzen du, ordea. Baliteke, esaten dutenak zer oinarri duen ulertzen ez dugulako izatea, edo eta askatasun horren zein nolako erabilera egin dezaketen asmatzen saiatze hutsak zaurgarri bilakatzen gaituelako. Kameren aurrean daudenean, urruti ikusten dituzu, zure egongelak eskaintzen dizun segurtasunetik, argazki bat besterik ez dira, eta beraiei buruz iritzi bat izan dezakezu. Baina manisfestaldian aurrez aurre ikusten badituzu edota, ondoren, metroan beraiekin batera joatea egokitzen bazaizu, hezur eta haragizkoak direla konturatuko zara, eta beraiengandik zein hurbil zauden konturatuko, zein mehatxati begiratzen dizuten.

Aurreko asteazkeneko Erreala eta Benfica-ren arteko partida aurretik Donostiako Amara auzoan izandako istiluan bezala. Telebistaz ikusten dituzu denak berdin jantzita, istilurako prestatuta etorri direla antzematen, auzoa txikitzen aritu direla, jendea jotzen… eta auzokoek grabatutako bideoak ikusten dituzu, berriz ere, zure egongelatik, eta iritzi bat izan dezakezu. Beste kontu bat da, inguruan bizi zarelako, aurrez aurre aurkitzen badituzu, edo zure portalean sartuta.

Gure eguneroko ziurtasuna eta askatasuna mugatzen dituzten egoeraz gainezka bizi gara. Gaitzak harrapa gaitzan loteria zenbakia erosi dugula dirudi. Batzuei, tokatu egin behar. Eta kameraren atzetik begiratzen dugun bitartean, isildu egiten gara.

“Ni nazia naiz” kalean oihukatzea, gainontzeko guztiok mehatxatuz, debekatuta beharko luke egon. Eta kameren aurrean erakutsia eman beharko litzaieke, poliziak eta kazetariak elkar hartuta, tankera horretako mehatxuak nola isilarazten diren ikus genezan. Eta ez alderantziz. Poliziak eta kazetaritzak, behar ez lukeen mundua erakusten digute maizenik. Eta horrek ez gaitu aske egiten.