Nonbait idatzi nuen orain dela ez asko Gerraren hurrengo geralekua (tranbian nindoan?) Armenia-Azerbaijan izango zela. Ez ditut dohain profetikorik, Artsaj-Nagorno Karabakh-en egoeraz zerbait irakurtzen ari nintzen. Gerra han geratu zen, bai, ez dakit dakizuen, nahiko oharkabean pasatu baita hori hemendik; han ez, han jendea hil zen, han ehun mila bat pertsonak utzi dituzte etxeak eta sorlekuak Azerbaijanek Artsaj inbaditu zuenetik. Baina zer dira hildako eta errefuxiatu batzuk hildakoz eta errefuxiatuz beteta dagoen mundu honetan? Gainera, agian Gerrak gustua hartu dio lekuari eta hildako eta errefuxiatu gehiago ditu zain.

Antza denez, inork gutxik omen zekien Gerrak bazuela programatuta beste geraleku bat Israel-Palestinan, azken finean badirudi Gerrak geralekua baino geltoki iraunkorra duela han, askotan ahazten zaigun arren. Izugarria da gertatu berri dena, baina iazkoa ere izugarria izan zen, eta aurreko urtekoa, izugarrikeriak hirurogeita hamar urte bete baitu, eta ez du amaitzeko inolako asmorik. Israelgo Defentsa ministroak iragarri du ura, erregaia eta argindarra moztuko dizkiotela Gazari, “giza-animaliak” hitzekin definitu dituen horien aurka borrokan ari direla. Egia esan, Gazan bizi direnek ez dute orain arte oso giza-bizitza izan. Oraingo eztandaren aurrean espantuka ibiltzea hipokrisia ariketa da.

Israelgo barne politikaz idazten dute analistek, Israelekin zenbait estatu arabiarrek sinatutako Abraham Akordiez, Iranek izan dezakeen esku-hartzeaz, Libanoz, Hezbollah-z, Israelgo iparraldean Gerrak beste geraleku bat zabaltzeaz. Egiptok eta Turkiak bitartekaritza lanak hasteko asmo inozoa azaldu dute. Europako zenbait estatuk laguntza “humanitarioa” murriztu diote Palestinari, Estatu Batuek laguntza militarra handitu Israeli.

Askoren ustez, ezagutzen genuen Ekialde Hurbila betiko aldatuko da hemendik aurrera (hilko al da jendea alaiago horrela?). Eta oraindik ez dakigu Israelek Gaza inbadituko duen ala ez: nazioarteko komunitatea deitzen den munduko zati horrek aukera berria izango du beste aldera begiratzeko.