Ile-apaindegiarena, Alfonso Guerra-k Yolanda Díaz-i buruz esan zuena, sakelakotik iritsi zitzaidan, eta, azkenaldian gertatzen zaidan bezala, hasieran ez nuen sinetsi nahi, hain zaharrunoa iruditu zitzaidan, hain beste garaikoa, hain matxista zakarra, ezen esaldia fake kategorian sartu nuela. Baina ez, egiaztatu nuenez, ez zen fake bat, González eta Guerra bikoteak botatako beste perlekin zihoan ile-apaindegiarena. Ez al zeukan gizontxo horrek argudio serioagorik edo politikoagorik Díazen proposamenak edo ideiak eztabaidatzeko? Nire harridura azaldu nion adiskide bati telefonoz. “Ez, ez naiz batere harritu. Horrelakoak dira”, erantzun zidan. Gogorarazi nion erantzun bera eman zidala orain dela aste batzuk Rubialesen kasuari buruz hizketan hari ginela. Horrelakoak dira, hau da, matxistak dira, boterea dute, besteen gainetik, batez ere emakumeen gainetik, daudela uste dute, eta beraiek dira harrituenak emakumeek (eta jende gehienak, pentsatu nahi dut) haien portaerak, hitzak eta ekintzak salatzen dituztenean: ez da hainbesterako, txantxa bat baino ez da eta abar.

Horren guztiaren adibidea eman berri digu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak: Joaquín Galve jauna harrituta eta haserre dago epaileei buruz plazaratu diren zenbait iritzirekin: “Rubiales togadunak eta guzti deitu gaituzte”, adierazi du toga jantzita. Ez al daki gizontxo honek non bizi den, zein garaitan? Pentsatuko al du manada kasuko berrikusketan zigorrak gutxitzearen aurka boto partikularra idatzi duen epaile emakumezkoak denbora gehiegi ematen duela ile-apaindegian? Baliteke, ez nintzateke harrituko, horrelakoak dira. Galve jauna agian azkarragoa da, eta badaki ezin duela jende aurrean errepikatu lagunartean gordin azaltzen duena.

Zeren gizon guztiok bai baitakigu zer gertatzen den batzuetan (askotan?) gizonik baino ez dagoen tokietan. Erantzukizuna ere gurea da. Eta beharbada ez dago hain gaizki batzuei noizbehinka ihes egitea pribatuan esan ohi dutena, onuragarria izan daiteke arazoaren egoera benetan nola dagoen ikusteko.