Azken asteotan ugaldu dira, talde ekologista batzuen esku, luxuzko automobilen, yateen eta jet pribatuen aurkako ekintza deigarriak Jets and yachts: the party’s over lelopean (Jet eta yateak: festa amaitu da). Gehienetan auto, yate eta jet horiek pinturaz zikindu baino ez dute egin, ezer ez larriegia, aberatsek diru apur batekin konponduko duten arazo ñimiñoa, baina batzuentzat eskandalua izan da, horrelako ekintza “erradikalekin” ezin zaiola klima larrialdiari erantzun adierazi dutenengandik jabego pribatuaren defentsa irmoa egin dutenengana. Talde ekologisten ekintza horien kontra altxatu direnak ekologismoak jende xeheari gehiegi eskatzen diola behin eta berriro errepikatzen dutenak izatea zinismoaren hamaikagarren adibidea baino ez da, aberatsak eta aberatsen jostailuak jomugan egotea ere ez dute gustukoa eta, oro har, nahiago dute klima larrialdia ez ikustea. Katastrofista madarikatuak.

Aberatsak ez diren askori ere ez zaie gehiegi gustatu yateak-eta zikintzearena. Azken finean sinetsita gaude guk ere egunen batean luxuzko, gutxi gorabehera, autoa edo yate ez hain handia, noski, tira, belaontzi txikia, eskuratuko ditugula loteriari esker, izerdiz bustitako aurrezkiei esker edo meritokrazia dontsuaren bertute magikoei esker. Horrelako bat ikusi dut telebista batean, bere auto zikinaren aurrean negar zotinka, bizitza osoko lanaz eta aurrezkiez mintzo. Gaur egun, gainera, ez da diru askorik behar, itsasontziak edo yateak edo zera horiek alokatzen dituen enpresa baten iragarkia ikusi dut, 30 euro bakarrik lagun bakoitzeko: ez da ezer, oporretan gaude, kuadrillan ondo pasatzeko, hondartza batzuetara iristeko ez dago beste biderik, merezi dugu eta abar. Aberatsak ez bagara ere, aberatsak izatearen sentsazioa eta emozioa bizi izango ditugu behintzat.

Hilabete honetako egun batean inoiz izan ez den hegaldi kopuru handienak zeharkatu du zerua. Gero eta yate, jet eta gurutzaontzi gehiago dago. Berdin dio. Kiskalduko gara eta larreak basamortu bihurtuko dira, baina ze ongi pasatu genuen yatea alokatu genuen hartan, gogoratzen zarete?