Mamua(k) bistan. Kezkagarriak. Vox antidemokratikoa, nardagarria, herensuge gaizto maltzurra. Lau kide-kume aipatzeko gaurkoan. Gabriel Le Senne lehenengoa: Balearretako presidentea. Negazionista eta xenofoboa: “Emakumeak beligeranteagoak dira zakilik ez dutelako”, “Espainian, hispanoak eta afrikanoak direla eta, ez dago argi nora goazen, ezta nola amaituko den ere kuestioa, baina horrelako martxan natibook arriskuan gaude, desagertzekotan”, “Sexua dela eta, generoa ondo dago, baina dendan”. Bere konpromisoen artean hauexek daude: funtzio publikoan katalana zokoratu eta baztertu eta ikasgeletako ustezko doktrinamendu ideologikoarekin amaitu. Berea da liburua Jainkoak libre egin gintuen, kristautasuna eta liberalismoa. Bigarrena emakumea da, Maria Los Llanos Massó du izena: Valentziako Gorteetako presidentea, abortua, emakumeen eskubide eta elebitasunaren aurkakoa. Indarkeria matxista ukatzen duena, diktadura eta frankismoa zurituz gurasoen pin delakoaz gogoetaz itsusiki ari dena: “Zure ustetan, helduen neurri eta forma desberdinetako zakilen irudi hauek ume eta nerabeen hezkuntzarako onak ote dira” ?, “Trans emakumea ez da emakumea”, ez du nahi,ez, Castelloko Ribalta parketik gurutze frankista kendu. Hirugarrena Juan Garcia Gallardo da, Gaztela eta Leongo presidenteordea: “Espainiako banderaren alde nago, eta ez plutokrazia nazioarteko ezker sektarioenarekin batzen duen trapu arku-irisari ziztrin horren alde”, “Sexuaren helburua ugalketa da, despopulazioa, hein handi batean, sexu plazerak sortu du”. Ez du dogma klimatikoetan sinesten: “Klima aldatzen ari da lurraren sorreratik”. Laugarrena Marta Fernandez da, Aragoiko presidentea: “Irene Monterok aurrera egiteko eta hobetzeko belaunikatzen daki bakarrik”, “Genero-indarkeriarik ez dago”, “Oker zaude feminista, mairuak penintsulatik bota zituzten kristauen biloba zara, ahalbidetu zutenak hain zuzen, zu zeu titietan paseatzea kaleetan zehar”. Don Pelayo, Cid eta Franko ohe ondoko mesillan.