Orain dela ez asko Erroman mutil bat harrapatu dute Koliseoko horma batean bere izena, neska-lagunarena eta data grabatzen ari zenean. Balizko ondorio larrien aurrean (epaiketa, isuna eta agian atxiloketa) barkamen eskutitz bat idatzi du argudiatuz ez zekiela Koliseoa hain zaharra zenik. Berlingo Holokaustoaren Oroigarrian neska talde batek bideo ustez dibertigarria grabatu du, bideoan neskak beraiek pozik agertzen dira abesti pop italiar ezagun bat dantzatzen duten bitartean; salaketak izan ditu bideoak, eta balizko ondorio larrien aurrean (epaiketa, isuna eta agian atxiloketa) barkamen eskutitz bat idatzi dute argudiatuz ez zekitela egindakoa mingarria izan zitekeela norbaitentzat. Mutilak ez zekien, neskek ez zekiten. Ez al zekiten non zeuden? Orduan, zergatik zeuden han? Zergatik joan ziren leku horietara? Erantzuna bilatzea ez da oso zaila: turismoak agintzen du Erroman Koliseora joan beharra dagoela eta Berlinen Holokaustoaren Oroigarrira, ez dago gehiago jakin beharrik, beste toki askotara joan behar da azkar-azkar, batez ere hiriaren izena goroldioz, metakrilatoz edo altzairuzko letra handiak dituen eskultura edo dena delakora, seguru egoteko hiri horretan zaudela eta ez beste inon. Turismoari ukitu kulturala eman nahi zaio batzuetan, baina ez gaitezen engaina, Koliseoa bisitatzea ez da turismo kulturala egitea berez, baizik eta kulturarekin edo historiarekin zerikusia duen leku batean masa-turismoa egitea, eta ez besterik. Bide batez, ba al dago oraindik turismoaren eta masa-turismoaren arteko desberdintasunik?

Mendeak eta mendeak dituen horma zahar batean norberaren izena idatzi nahi izatea larria izan daiteke, eta are larriagoa beste batzuen oinazea ez ahazteko eraiki den lekuan ergelarena egitea. Dena dela, larriena da ezjakintasun harroa, zeren ezjakintasuna apaltasun eta kuriositate (ai, jakin-mina, ze hitz ederra) apur batekin erraz konpon baitaiteke, baina ezjakin harroak ez du erremediorik. Eta gaur egun, tamalez, ezjakintasuna (turismoa bezala) gain-baloratuta dago.