Gerra pribatuak
Asteburutik hona Wagner mertzenario taldearen mugimenduari buruzko azalpenak ugaldu dira, eta era berean ugaldu dira mugimendu horren balizko ondorioak: Putin ahulduta dagoela, Putin indartsu atera dela, Ukraina gerra irabazteko bidean dagoela, aliatuak nekatuta daudela Ukraina dela eta, Prigozhin heroia dela, Prigozhin traidorea dela, Bielorrusiako Lukaxenkok kontratatu duela orain Wagner. Edonork aukera dezake gustukoena edo gehien komeni zaiona. Hedabideak adituez (aditu hitzaren zentzu zabalenean) bete dira berriro ere, informazioa edo analisia edo, zuzenean, propaganda egiteko. Bestaldeko hedabideek ere izango dituzte adituak informazioa, analisia eta propaganda egiteko, baina alde honetakoek ez ditugu eskura. Ez dut uste A propagandaren gehi B propagandaren batuketaren emaitzak egia emango digunik, baina entretenituagoa izango zen kontua adituen artean begikoenak eta gorrotatuenak aukeratu ahal izateko; niretzat gorrotatuena da bere azalpenak metaforaz, aipuz eta konparazio sasi-historikoz (“Napoleonek zioen bezala...” ) janzten duen bizarduntxo bat.
Agian Wagner taldearena berehala ahantziko dugu, Ukrainako gerran ikusi diren gertaera asko ahantzi ditugun bezala. Nork du gogoan, adibidez, orain dela gutxi albistegiak bete zituen Kakhovka-ko presa? Uholdeak ikusi genituen telebistan, katastrofe humanitarioa aipatu zen berriro ere, errudunak errusiarrak zirela, errudunak ukrainarrak zirela... Zer geratzen da gaur?
Wagner taldeaz irakurtzen eman nuen igande arratsaldea. Harridura hitza motz gelditzen da; ergelkeria irudituko zaizue baina taldeak San Petersburgon duen egoitza iruditu zitzaidan deigarriena: kristalezko eraikuntza moderno bat, edozein Guggenheim parekoa, edozein enpresak izango lukeena bezalakoa. Gerra afera pribatua da dagoeneko edo, beharbada hobe, lankidetza publiko-pribatuaren adibiderik behinena. Estatu Batuetan aspaldidanik dituzte horrelakoak. Ez dakit Eusko Jaurlaritzak noizbait pentsatu duen Ertzaintza ere pribatizatu ahal dela. Tira, itunpeko bihurtu, wagnertu, orain duena ikusita...