Fafe eta horrelakoez inguratuta bizi garenez, Madrilgo Emakumearen Lasterketan irabazleari sukaldeko robota eta bigarrenari kablerik gabeko xurgagailua eman zizkietela ez nuen sinetsi nahi hasieran. Eurozentriko jarri nintzen: Madril da, ez Terehan (nahiz eta Madrildik berri bitxiak askotan etorri); eta orainaldizentrikoa: 2023an bizi gara, ez 1950eko hamarkadan. Baina egia da guztiz, horrela gertatu zen. Erakunde publikoek, lasterketan baziren berdintasunaz arduratzen direnak, berehala esan dute ez direla antolatzaileak izan, laguntzaileak baizik, eta ez zekitela ezer. Antolatzaile pribatuak ohar bat atera du azaltzeko robota eta xurgagailua ez direla sariak, babesleetako batek eskainitako opariak baizik. Sariak eta opariak desberdintzea hunkigarria iruditu zait. Antolatzaileak barkamena eskatu du “norbait minduta sentitu bada”; era berean, adierazi du sari eta opariena berrikusiko dutela hurrengoan, eta bizimodu osasungarriaren aldeko opariak direla horiek, bai gizonek bai emakumeek (sic) erabili ahal dituztenak. Badirudi hurrengo irabazleei 0 azukre 0 koipe 0 dena elikagaiak oparitu zizkietela. Ondo da, lasterka egin duzue, orain itzuli etxera, prestatu janaria, kendu hautsa eta ea argaltzen zareten apur bat produktu osasungarriekin. Eta lasai zaitezte, 75.000 euro lortu dugu minbizia ikertzeko.

Ziur naiz gizonezkoen lasterketa batean, antolatzaile, laguntzaile eta babesle berdinekin, opariak ez zirela sukaldeko robota eta xurgagailua izango, tresna “maskulinoagoak” ditut buruan: bizarra apaintzeko makina bat (gaur egun bizar askok zainketa sofistikatuak eskatzen dituzte) edo erreminta-kutxa bat, demagun. Ez dut irudikatzen triatloia irabazi duen gizon bat xurgagailua besapean: “minduta” sentituko zen, eta amari emango lioke berehala (Madrilgo lasterketa amaren egunean egin zen, gainera). Horrela gaude, bai. Bitxikeria bat, besterik gabe? Ez dut uste. Badugu, bestalde, gizon andana bat kexaka edonon (bertsolaritzan, literaturan edo musikan) emakumeek leku gehiegi hartzen dutelako. Zera, ez gehiegi, ez kexaka, ez, ez, ondo dago emakumeak egotea, baina... Argi dago feminismo gehiago behar dugula, askoz gehiago.