Lisaburdina eskuan Euskadi Irratia entzuten ari nintzela, esataria non hasten da, irratiaz bestaldean norbait ote dagoen galdezka. Esatariaren galderak bakarrik sentiarazi ninduen. Eta desleial. Abandonatu izan banu lez. Egun eta ordu horretan eskuan lisaburdina zuen bakarra ote nintzen galdetu nion ene buruari, egun eta ordu horretan irratia entzuten zegoen entzule bakarra. Oporretan ez zegoen pertsona bakarra nintzen?

Esatariak kexuka jarraitu zuen. Aste Santuetan lan egitea zein zaila den, inor ez dagoela inon, ezin duzula elkarrizketarik lotu, bakarrik zaudela lanean, mundu guztia oporretan joaten dela... Eta hori guztia gutxi ez izanik, hara non kontatzen duen, halako egunean, halako orduan, elkarrizketa bat prestatuta eta iragarrita zutenean, elkarrizketatua ez zela agertu. Eta ez zuela abisatu. Gerora azaldu omen zien, hitzordua eman zienean ez zela konturatu Aste Santuetako opor eguna zenik. “Zuek, hala ere, erraz daukazue. Berehala deitzen diozue beste bati”. Huraxe izan omen zen erantzuna.

Koadrila batzuetan ere berdintsu pentsatzen omen. Larunbat gauean afaltzeko hiru lekutan egingo dute erreserba. Gero, larunbatean batzen direnean, denen artean aukeratuko dute gauean non afaldu. Eta aukeratzen dutenean, hor konpon beste bi erreserbei. “Laster beteko dute gure lekua, larunbata da eta”. Horixe, dei bat ez egiteko estakurua.

Lekuetara goazenean, ordea, gure zain egon daitezen espero dugu, bai irratian, bai jatetxean. Ez dugu espero gure ordez beste bati deitu izana eta zera entzutea: “Beno, zuek erraz daukazue. Beste leku batera joan eta aurkituko duzue mahairen bat”. Ez dugu horrelakorik entzutea irudikatzen.

Orain, izena emanda daukagun leku guztietan, bi edo hiru aldiz baieztatzea eskatuko digute, aldez aurretik zati bat ordaintzea, telefono bidezko mezuak ezin erantzunda ibiltzea… Besteekiko errespetuz jokatu ez izanak zera dakarkigu: gurekiko konfiantzarik ez izatea. Une oro, bestaldean ez dagoela inor sentitzea. Ze tristea.