Harridura erakutsi dugu. Nafarroako Hezkuntza Sailak batxilergoko ituna eten diela jakitean ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten bi ikastetxeri. Oraindik horrelakorik ba ote zen. Horixe galdetzen zuten lagunek WhatsApp taldean. Eta memoria egiten hasi gara guztiok ere galderaren inguruan eta, ondotxo gogoratzen, 14 urte genituela ezagutu genuela lehenbizikoz ikasleak sexuka bereizten zituzten ikastetxeetako ikaskideen oldea institutuan. Eta, ondoren, 18 urterekin bizi izan genuela egoera berbera, unibertsitatean, hiriburuetako “kolegioetatik” etorritako ikaskideekin. Larrera askatutako ukuilu-abereak ziruditen. Ligatzen ere ez zekiten. Beno, ligatzea ez da sekula erraza eta gauza jakina izan, baina esan nahi baita, putreak okela zaharrarengana bezala hurreratzen zirela.

Eta bai institutuko lehenbiziko urtean eta bai karrerakoan, sexuka banatutako ikastetxe edota kolegioetatik etorritako ikaskideen integrazioak lanak eman zituen.

Askok ikasturtea errepikatu zuten. Bizitzen ikasi zutela diote batzuek, atzera begirakoa eginez. Ez zela urte galdua izan. Pendiente zeukaten asignaturan matrikulatu zirela. Haurdunaldiari aurre egin beharrekorik ere egon zen. Eta desagertu zenik ere bai. Batzuk gizonduta/andratuta bueltatu dira, euren hitzetan, eta beste batzuen berririk ez daukagu. Horregatik guztiagatik lagunen WhatsAppeko galdera. Jada gure historia hurbilean galdutzat jo genitzakeen zenbait egoera zaharruno oraindik existitzen direla ohartzean. Mundua sexuka eta banatuta ikusten jarraitzen duten pertsonak ereiten gaur ere.

Bada, joera hau atzerakoia dirudigun bezain argi ikusi beharko genuke, gaur egun badirela ikastetxeak, itunpeko laguntza jasotzen dutelako bakarrik erakusten dutenak euskara beren geletan. Ez bestelako arrazoiengatik. Eta diskurtso hori gurasoei helarazten dietenak, norbaitek galdetzen duenean ea beren seme-alabek euskara zergatik ikasi behar duten.

Ez da zaila asmatzen, ikasle olde horiek Batxilergora edo unibertsitatera jauzi egiten dutenean, euskarari nola eutsiko dioten.