Bilbotik Gasteizerako autobusean bidaiari batek telefonoz ozen hitz egiten eman du bidaia osoa. Gasteizera iristean, beste bidaiari batek zera esan dio haren ondotik igarotzean: “Eskerrik asko zure bizitza gurekin konpartitzeagatik”. Zurbil gelditu da.

Gasteiztik Bilborako autobusa beteta doa. Telefonoz ozen ari den baten ondoan eseri naiz. Afaria antolatzen ari da lagunekin. Autobusez doa gidabaimena sei hilabetez kendu diotelako. Miribillan bizi da orain dela gutxi, helbide zehatza eman dio bati nire harridurarako. Menua zehaztu du: azpizuna, gazta, gintonik batzuk bukatzeko. Sudurretarako ere egongo da zerbait. Nire harridura handitu da. Afaldu eta gero, putetara joango dira. Aurreko eserlekuan doan neskak burua bihurtu eta nire poker begiradarekin egin du topo. Behintzat konturatu da ni ez naizela telefonoz dagoena. Ikusezina izatearen sentsazioa desagertu zait.

Bilbotik Gasteizerako autobusean berriz; nekatuta lo egin nahi dut, baina ezin. Parean doana gaua, ostirala da, eta larunbata antolatzen ari da lagun batekin, neska-lagunarekin eta amarekin, hurrenez hurren; ahots tonu desberdin bat erabili du bakoitzarekin, amak eta neska-lagunak jaso duten gezur andanak esnatu nau guztiz. Une batean pentsatu dut, edozer dela ikasten ari dena, ikasketak utzi behar dituela eta antzerkian edo autofikziozko literaturan hasi.

Zergatik aritzen da jendea horrela? Lehen teoria: batzuentzat beste pertsonak gauzak baino ez dira, paisaiaren dekorazio hutsa, autobuseko eserlekuak bezain bizigabe eta belarrigabeak. Bigarren teoria: jendeak erakutsi behar du bizitza bat duela, benetako bizitza bat, garraio publikoaren erabilera arruntetik aldenduta. Hirugarren teoria: gorputzarekiko lotsa handitzen doan neurrian (gero eta nudista gutxiago dago), emozioak-edo edozeinen aurrean edozein modutan publiko egiteak ez dakar lotsarik. Pribatutasuna aldatzen edo desagertzen ari da. Sare asozialetan gertatzen dena adibide ona izan daiteke. Beste adibide bat: inor gutxi kexatzen da orain zelatatzen gaituzten kamera horiek guztiak edonon ditugulako.