Nire kalean dagoen eliza katolikotik igaro nintzen astelehen gauean, hilaren 2an; ate aurrean jende asko zegoen: hileta bat, entzun nuenez. Kalkuluak eginez, pentsatu nuen batzuentzat egunotarako dekretatu diguten poztasun unibertsalak ez duela zentzu handirik izan, ospitalean emandako orduak edo egunak etorri zitzaizkidan burura eta Urtezahar gaueko mingostasunak, hemendik aurrera urtero batzuen gogoetan geratuko direnak. Hildako arrunt bat, besterik ez, egunkariak betetzen dituzten hildako ospetsu horien ondoan, futbolariak izan ala aita santuak. Bizitzak eta denborak aurrera segitzen dute guk jarritako mugei kasu handirik egin gabe.
Eskerrak hedabideek eskaintzen diguten urteko lehen jaioberrien zerrenda, edo eskaintzen ziguten lehen behintzat, aurten iruditu baitzait betiko ohitura hori desagertzen ari dela, agian jaioberri aurkezgarriak topatu ez dituztelako, Sergei Dovlatov idazleak/kazetariak bere kronika baterako Rigako 400.000. biztanle jaioberri aurkezgarri baten bilaketa zoro hartan bezala. Desagertzen ari den beste ohitura bat urte berrirako asmoen zerrenda egitea da. Beharbada ez da inoiz hemen gure artean benetako ohitura izan eta nire harrikada anglosaxoia besterik ez da urte berrirako asmoen ideia hori. Egia esan, nik ez dut inoiz horrelako zerrendarik osatu, alde batetik “egin beharrekoekin” alergikoa naizelako eta, bestetik, badakidalako asmoak, usteak baino gehiago, ustelak direla osorik, ez erdi, gehiago nire kasuan.
Urte berriarekin lotuta eta desagertu ez den beste ohitura prezioen igoera da, aurten BEZ batzuen salbuespenarekin, hori bai dela albistea. Prezioa igo dieten gauza guztien artean gehien hunkitzen nauena (hunkitu, bai) zigilua da, badakizue, “bidali behar den gutunaren estalkian itsasten den paper zatitxoa, posta-eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duena”. Zigiluak! Igitaiaren eta mailuaren irudia zekarren zigilu batek arazoak izan zituen iaz Espainiako Erresuman. Eskutitzak idatzi eta zigiluak itsasteko tentazioari ez dakit eutsiko diodan aurten.