Xarm el-Xeikh-en nago. Lanean, ez pentsa. Tenperatura ideala da, 22 eta 28 gradu bitartekoa. Badakit askok pentsatuko duzue gustu txarrekoa dela, COP27ko kidea izanda, tenperatura aipatzea, izan dugun uda eta udazkena kontuan hartzen badugu, baina, zer nahi duzue, gurean hondartzaldia bukatu da, eta UVA izpiak eskaintzen dituzten leku horiek ez ditut maite.

Lanean nago nire erakundearekin. Erakundea gobernu barrukoa da, ez gobernuz kanpokoa, baina ikusita GKE batzuek lortu dituzten hotelak, agian hurrengorako bilatu beharko nuke GKE egoki bat, eskua Guggenheimeko artelan baten ondoan itsastea eskatuko ez didan bat, jakina. Oraindik ez dakigu non izango den hurrengo goi bilera. Artikoa aipatzen ari dira hemendik, baina nik nahiago nuke desagertzear dagoen uharte horietako bat, Pazifikoan. Oso kezkatuta gaude irla horiekin, “very concerned”, hemen behin eta berriro errepikatzen den bezala. Egia esan, hunkigarria da hemen ikusi eta entzun daitekeena, askok eta askok ia-ia negar egin genuen António Guterresek eman zuen hasierako hitzaldian.

Mahai-inguru eta batzorde batzuetan parte hartu behar dut. Lan serioa egiten dutenetakoa naiz, ez nuke erakundea eta gobernua leku txarrean utzi nahi, beraz, aireztapen sekundarioari buruzko nire ikerketak gaurkotu, infografia ederrez hornitu eta nire ingeles ezin hobean aurkezteko prest nago. Gorbatarik gabe joango naiz, noski, eta hasi baino lehen aire girotua itzaltzeko eskatuko dut (txalo zaparrada entzuten ari naiz dagoeneko), azken finean leihoak irekitze-prozesuan aditua naiz, horixe baita aireztapen sekundarioaren zeregin nagusia.

Aspaldiko lagunak eta ezagunak berriro ikustea da goi bilera hauetako plazer handienetako bat, baita lagun berriak egitea ere (40.000 baino gehiago gara); atzo leihoak irekitzeaz asko dakien batek (nik baino gutxiago, dena den) bere hoteleko spara gonbidatu ninduen. Etzi urpean murgilduko gara, hunkigarria omen da. Nire delegazioko batzuek piramideak ikustera joan nahi dute. Ez naizela joango esan diet, horrelako bidaia alferrikakoek ez dutela kilma laguntzen. Eta ikusita ditut, piramideak, diot.