Giorgia Meloni italiarrak adierazi du “il presidente del Consiglio” izan nahi duela, horrela maskulinoan, ez “la”; ezer berririk ez, bere alderdian ere (Fratelli d’Italia, anaiak bakar-bakarrik) “il presidente” zen. Esango dute gero ezkerreko jendea hizkuntza bihurritzen dabilela, gerra kulturalez baino ez dela arduratzen eta abar.
Rishi Sunak lehen ministro britaniarrak txikitan jedi izan nahi omen zuen. Indiar jatorrikoa dela azpimarratu dute baikor batzuek. Beste batzuek, aberatsa dela.
Israelek Zisjordanian sei palestinar hil berri ditu. Hori bai ez dela berria.
Garamendik (zer egingo genuke Garamendi barik?) esan berri du PPko presidente Feijóo jauna “gauzak ondo egin dituen morroia dela”. Beti ahazten zait Garamendi hauteskunde kanpaina betean dagoela enpresarien presidente izaten jarraitzeko.
Ikusi dut nola atera duten Hu Jintao presidente zaharra Txinako Alderdi Komunistaren Kongresutik, baina gero ez dut jakin gaixorik zegoen ala antzinako estiloan egindako purga izan den gertatutakoa.
Confebask aztoratura omen dago 30 urteko epean denok egongo garelako erretiratuta (ez dut pentsatu nahi non egongo naizen ni 30 urte barru) eta jaiotza gehiago behar direla edo etorkin gehiago, ez edozein etorkin, jakina. Bestalde, etorkinak arriskutsuak-edo direla irakurri dut. Ezer berririk ez.
Egunkariak itxi eta leihotik begira jarri naiz. Ez dakit zutabeak idazteko gai gehiegi dagoen edo gutxiegi, leihotik ikusten dudanak ere gogorarazi dit klima aldaketarena, baina gasa berdea denetik ez dakit ere nola heldu arazoari.
Egunkarietan berriro irakurtzen dut Baskoniako jokalari batek eginiko keinu lizunak zaleak haserretu dituela, EITBn zentsura susmoak daudela, eguzki eklipse txiki bat dugula, Balmasedako sutea kontrolatu dutela azkenik eta Urkulluk “botere judizial propioa” aldarrikatu duela.
Egia esan, irakurri nuen lehendabizikoa izan zen Salman Rushdiek begi bat eta esku baten mugimendua galdu dituela, eta horretaz idaztea nuen asmoa. Baina gero, mundua, hedabide forman, gainera erori zait nire bi eskuei begiratzen nien bitartean.