Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Klase ertaina

Klase ertainaN.G.

Klase ertainaren kontua buruan iltzaturik daukat obsesio bihurtzeraino. Espainiako Erresumarako argitaratu diren datuak irakurtzen ibili naiz azken egunotan: antza, bitik batek uste du klase ertainekoa dela, OECDek (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak) ezarritako baremoak betetzen ez baditu ere. Erakunde horren definizioaren arabera klase ertainaren mugak zehazteko erdiko balioa duen soldata, hau da, populazio osoa bi zati berdinetan banatuko lukeen soldata, kontuan hartu behar da: klase ertainekoa da soldata horren %75etik %200era irabazten duena. Espainiako Erresuman erdiko balioa duen urteko soldata 20.920 eurokoa da, beraz, 15.690 eta 41.840 euro artean irabazten dituztenak klase ertainekoak dira. 15.000 edo 40.000 euro irabaztea ez denez gauza bera sailkapenak ugaltzen dira: klase ertain baxua, klase ertain ertaina, klase ertain altua. Adibide bat jartzeagatik, eta soldataren kontzeptutik aldentzen banaiz ere, pentsiodunen mugimenduak eskatzen duen gutxieneko pentsioa, hilabeteko 1.080 eurokoa, bider 14 soldata, urteko 15.120 euro, klase ertainetik kanpo geldituko li-tzateke.

Datuon arabera, gero eta jende gutxiago sar-tzen da tarte zabal horretan, eta, bereziki, gero eta gazte gutxiago. Bestalde, 15.000 euro ere irabazten ez duten batzuek uste dute klase ertainekoak direla, baita 40.000 baino gehiago irabazten dutenek ere, diruaz gain, klase ertaina ustea edo nahia edo asmoa delako batez ere, zerbait fantasmatikoa baina, aldi berean, erreala jendearen buruan. Inork ez du nahi bere burua klase baxuan ikusi, ezta langile (utikan!) klasean ere, gehienak langileak diren arren. Halaber, bitxia da 40.000 baino gehiago irabazten duenak bere burua klase ertaineko-tzat hartzea. (Ohar maltzurra: euskaldunon apaltasun ezagunari esker, gure artean 60.000 irabazten duenak ere pentsatuko du klase ertainekoa dela, ziur naiz.)

Ahaztu zait esatea OECDek betiko hiru klaseez gainera, altua, ertaina eta baxua, beste bat sartzen dituela bere estatistiketan: klase pobrea.

Nire ustea, klase ertainarena engainutik gertu dagoela, indartu dute zenbaki horiek guztiek.