eliza katoliko erromakoak Joan Paulo I.a aita santua zena beato izendatu du orain dela gutxi, beste urrats bat santu katoliko izateko. Irakurri dudanez, santu izendatzea oztopo lasterketaren antzekoa da edo, agian hobe, funtzionario karreran edo karrera militarrean gora egitea bezalakoa: jainkoaren zerbitzaria izatea da lehen maila; bigarrena, beneragarria; hirugarrena, beatoa; eta azkenik, santua. Kontua da, Joan Paulo I.a hedabideetan agertu bezain laster, berpiztu direla bere heriotzaren inguruko teoria konspiranoikoak, aita santu izendatu eta 33 egunera hil baitzen bat-batean 1978an. Nik ez dut eskarmentu praktiko handirik konspirazioetan, teorian, literaturari eta zinemari esker, aditu izatetik gertu banago ere, baina iruditzen zait 33 egun gutxi dela konspirazio oso bat antolatzeko. Francis Ford Coppolak ez zuen gauza bera pentsatu, antza, The Goodfather filmaren hirugarren partea egin zuenean, Vatikanoko zirrikitu ilunak nik baino hobeto ezagutuko ditu beharbada.

Konspirazioetan sinestea edo ez sinestea korapilatsua da. Ondo aukeratu behar da zein konspiraziotan sinetsi, bat onetsi eta beste guztiak aldapan behera balaztarik gabe onesteko arriskua baitago. Espainiako Erresumak infiltratuak izan dituela (edo dituela) Kataluniako independentziaren aldeko mugimenduetan teoria konspiranoikoa izan zitekeen, baina Marlaskaren Barne Ministerioak onartu berri du hala gertatu zela: onartu, justifikatu eta arrazoitu, legezkoa, egokia eta beharrezkoa zelako segurtasun publikoa eta ordena konstituzionala ziurtatzeko. Egia esan, Katalunian gertatzen direnek Euskal Herrian gertatu direnen (gertatzen direnen?) déjà-vu etengabeak eskaintzen dizkigute. Infiltratuena teoria konspiranoikotzat jotzen zutenen aurpegia ikustea gustatuko litzaidake.

Sinetsi ala ez sinetsi guztioi jartzen zaigu ergel aurpegia konspirazioen eta ez-konspirazioen aurrean: dena sinesten dugu edo ez dugu ezer sinesten, ezta euriak bustitzen duela ere. Agian horrela nahi gaituzte (beste konspirazio bat?), ergel aurpegi eta geldirik beldurtuta, zerbait egiteko ezindu.