Nire aita “Inosenek” kontatutakoa gaztetan. Ezin ahaztu.“Behin gertakari latz baten lekuko izan ginen El Duesoko kartzelan. Hirurehunen artean bazen benetako mutil zorigaiztoko bat, donostiarra, etengabeko oinazetan, gau eta egun, goiz eta arratsalde min garratzetan. Jasanezineko kondizioak. Zango bat pozoitua. Garrasi isiletan bizi. Ezin laguntasunik eman. Pabiloiko botikin antzekoa eta medikuren baten bisitak, alferrik. Ospitale on baten premia, tratamendu urgentea. Gero eta okerrago, patu beltzera derrigorrez. Dohakabeak banderarako ateratzeko asmoa adierazi zien adiskideei eta hauek ikaratu, eskandalu bat espero sortzeko asmoak zituela. Ideia hori burutik kendu nahi izan zioten. Berak ezetz. Egun batean berrogeita hamarren artean irten zen herrenka. Hantxe, zelai erdi erdian korneta jotzekoan. Buruzagi guztiak bertan banderaren aurrean. Halakoan, oihu argi bezain garratz bat nagusitu jendeteria hartaz: Gora Euskadi! y ¡Viva la República!

Deiadar horrek El Dueso kartzela dardarka jarri zuen. Bonba, eztanda eroa. Berehalakoan sarerazi gintuzten presook gure departamenduetara. Nahasmendu giro larria, militar guztiak presaka. Oihularia, mutiko donostiar gizagaixoa, giltzapera eraman zuten gela berezi batetara.

Kartzelako agintariei iruditu zitzaien oihu hura erreboltarako proklama zuzena zela. Ez zen horrelakorik. Oihua, benetan, laguntza eskea zen, erruki eskaera tristea. Zurrumurru beltza hedatu zen, albiste txarra. Azkenik aldarrikatu zuten hurrengo egunean fusilatu egingo zutela. Ondoko goizean, betiko moduan, 50rak bilarazi gintuzten banderarako. Hantxe nintzen. Bandera igo bezain laster, gure atzealdean tiro-kada baten zarata garratz bat entzun genuen. Belarrietan baino bihotzetan jo zuena zuzen, gupidagabeki. Kartzela buru komandanteak: Acaba de ser pasado por las armas el preso causante de gritos facciosos contra el Régimen. Quede claro que si alguien repitiera la misma acción correrá la misma suerte” Gaixoa. Maittia.