Nik ere irakurri ditut Garamendi jaunaren adierazpen negarti horiek, bere soldata apalaz, xumeaz (“humilde” esan du berak gaztelaniaz) kexaka, 300.000 euro urteko. Pentsakor gelditu naiz. CEOEko presidente getxoztarrak hori probokatzeko esan al du zinismoaren goien gradutik besteoi begira ala bene-benetan uste du bere soldata txikia dela? Bietarik egongo da, ziur aski, baina gehiago bigarrengotik, nire ustez. Garamendiren errealitatean, munduan, 300.000 euro irabaztea ez da asko; azken finean, berak pentsatuko du egiten duen lanagatik, enpresarien interesak babesteagatik, askoz gehiago merezi duela, edo, betiko argudioa, bere negozio pribatuetan bakarrik arituko balitz, diru gehiago eskuratuko lukeela.

Adierazpenok Espainiako Erresuman gutxieneko soldataren balizko igoera eztabaidatzen ari denean egin ditu; horregatik, hautsak apur bat, dena garbi-garbi dago, harrotu dira, apur bat baino ez, guztiok ondo baitugu ikasia aberatsek ere negar egiten dutela. Izan ere, hain barneratuta ditugu aberatsen sufrimendu etengabeak, ezen ideia batzuk, gutxieneko soldata ezin dela hainbeste igo edo erretiro-sarien sistema ez dela bideragarria, adibidez, lasai asko geureganatzen hasi garen. Repsoleko Josu Jon Imaz jauna (ai, Josu Jon!) ere negarretan dabil hortik zerga berriak direla eta.

Garamendi jaunak esan zezakeen bere soldata ez dela egokia edo ez datorrela bat egin behar dituen ahaleginak ordaintzeko edo beste edozer, baina “apala” hitza erabili du, betidanik “pobre” hitzaren eufemismoa izan dena: jende apala, etxe apala, familia apala, jatorri apalekoa... Aberatsei dirua ez zaie nahikoa iruditzen, antza, hizkuntzaren jabe ere izatea gustatzen zaie. Hori ez da berria, jakina, baina azken aldian, aberastasuna erauztearen bizkortzearekin batera, hizkuntzarena berarena azkartzen ari da. Lehendik apala hitza mesfidantzaz begiratzen banuen, hemendik aurrera, apala hitza entzutean, jakingo dut beste zerbait ulertu behar dudala.

Eta ez hasi orain zure soldata ziztrina dela esaten, datorren urtean Garamendi ikusi nahi ez baduzu soldata ziztrina duela esaten. l