Gaur 54 urte eukiko zituen hil izan ez balute. Ez zen lehena ezta azkena ere indarkeria itsuaren biktima hura baina ikaragarrizko sotinaldia eragin zuen. Egun batean bahitu eta ordu gutxitan bete beharreko aginduarekin jarki zitzaion ETA Espainiako estatuari: 48 ordutan talde terroristak zituen presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbildu ezean hil egingo zuen.

Egin zerbait! aldarrikatzen zuen arrebak Bilboko udaletxe aurrean eguerdi hartan, mirariaren zain. Euskal gizartean, frustrazioa, egonezina, indignazioa, bildurra edota etsipena bistakoak ziren, bakoitzak zituen bizipen edo espektatiben arabera agertzen zirenak. Halere, denok geneukan argi ETAk erabakia hartua zuela. Eta behin gehiagotan gure izenean ezetz esan genion.

Miguel Angel Blanco, Ermuako zinegotzia zen, zilegitasun eta eskubide osoz. ETAk hil egin zuen. Esan izan da ETAren galbidearen hasiera izan zela erahilketa hori baina nik esango nuke 1977ko amnistiarekin hasi zela, nahiz eta bere ibilbide odoltsuak urteak iraungo zituen oraindik. Beherako bide hori, gainera, ez zen lineala izan, beherantz zeraman zerra-hortzen sekuentzia luzea baizik, non bailada historikoa eragin zuen Miguel Angel Blancoren erahilketak, ordurarteko zulorik sakonena.

Beste hamalau urte behar izan zituen ETAk bere jardun gaiztoa amaitzeko. Hamalau urte gogor, erahilketa berriez, sufrikario berriez, desesperazio berriez josiak. Orain biktimak ditugu, hilak, zaurituak, minduak eta isilduak, modu eta urte askotan sufritu duten biktimak. Aitortza eta erreparazioa diegu denok zor.

Biktimarioak ere baditugu. Eurena da zama eta eurena behar da izan eragindako oinazeak sendatzeko lehen erantzunkizuna. Eurena da, baita ere, justizia gizarteratzailea jasotzeko esbubidea.

Euskal gizartearen balioen artean aniztasuna eta erkidego-sena azpimarratu nahi ditut. Eta horretan sinesten dugunoi dagokigu bake egoeratik bizikidetzara urrats sendoak emanez, oinarri etiko bertsuetatik abiatutako diskurtsoak eraikitzen ahalegintzea.