Pasa den ekainaren 28ko arratsaldean Gasteizko manifestazioan izan nintzen: harrotasuna, badakizue. Iruditu zitzaidan inoiz baino jende gehiago zegoela bertan, baina nirea iritzi guztiz subjektiboa da, jakina, ez dut datu zehatzik. Halaber, iruditu zitzaidan gazte asko-asko zegoela. Topatu nituen adiskide, lagun eta ezagunak bat etorri ziren, jende asko zegoela eta gazte asko (“gazte eta suelto”, lagun baten arabera). Pozgarria. Horrelakoetan gerta-tzen den bezala, aspaldidanik ikusi gabeko lagun eta ezagunekin elkartzeko parada izan nuen, eta aitortu behar dut oihuka baino denbora gehiago eman nuela kaixoka, aupaka eta aspaldikoka. Bikote ezagun batek aitortu zidan azken urteotan ez direla ekainaren 28ko manifestaziora joan, baina aurtengoan “gauzak dauden bezala” beharra sentitu zutela. Geroago, lankide ohi bati esapide bera entzun nion: “Gauzak dauden bezala”. Harritu nintzen hirugarren batek hitz berberak errepikatu zizkidanean handik gutxira. Badirudi gero eta jende gehiago konturatu dela lortutakoa arriskuan egon daitekeela, eskubideak ez direla behin betikoak, atzera egitea ez dela baztertu ahal den aukera, komeni zaigula adi egotea. Eta ez gara LGTBIQ+ eskubideez bakarrik ari. Estatu Batuetan abortuarekin gertatu dena hor dago. Emakumeek asko dute kontatzeko.

Dato kalean manifestazioa pasatzen ikusten lagunen bila zebilen lagun bat elkartu zitzaigun: ezagunak azkenik, zenbat jende, zenbat gazte, gauzak dauden bezala... Kontatu zigun, zain zegoen bitartean, bikote heterosexual bat ondoan izan zuela eta gizona marmarrean aritu zela manifestarien kontra gertu-gertukoenak soilik entzuteko moduan: bandera daramatenak, ergelenak; oihukatzen dutenak, baboenak. Laguna sutan zegoen. Badakigu hori bezalakoak banan-banan ez direla ezer, baina taldea osatzen dutenean beste bat dela kontua, badugu eskarmentua, eta jakin badakigu testuinguru batzuetan erasoak ugaltzen ari direla.

Gauzak dauden bezala. Esaldia goibela da, zinez, baina beharbada hitzok erdi lotan zegoena esna-tzeko balio izango dute.