Síguenos en redes sociales:

GU

Mega-kontzertuen aroa bizi dugu. Ez dut deus kontra. Batez ere, euskaraz kantatzen duten bakarlari edo taldeak direlarik areto erraldoiak mukuru betetzen dituztenak

GUArnaitz Rubio

Mega-kontzertuen aroa bizi dugu. Ez dut deus kontra. Batez ere, euskaraz kantatzen duten bakarlari edo taldeak direlarik areto erraldoiak mukuru betetzen dituztenak. Hein batean, harrigarri eta arnas-emangarri ere gertatzen zait euskara hutseko espektakuluek halako arrakasta dutela ikustea. Argiztapen eta soinu esperientzia berriak, koreografia eta atzezzo landuak, urrunen daudenei xehetasunik txikienak helarazteko balio duten pantaila handiak, mugikorraren kamerarekin dena grabatu nahi izaten duten milaka entzule... Finean, munduko edozein bazterretan homologagarri eta salgarri diren produktuak, baina geure mintzairatik eta erroetatik sortuak eta garatuak.

Ostegunean hasi eta gaur buka, lau eguneko osteratxoa egiten ari da Gorka Urbizu Donostiara. Victoria Eugenian lau betekada jarraian. Lehenbizikoan izan ginen, ostegunekoan. Erabat bestelako ikuskizuna eta entzukizuna. Ez dut deus kontra, eta dena alde. Areto eder eta bildu hartan elkarren arnas-hotsa ere entzun egiten zen, intimitate babesgarri batek besarkatzen gintuen. Banaka batzuek baizik ez zuten mugikorraren kamera baliatu. 

Artifiziorik gabeko argiztapena; bi bateria, bi gitarra, baxua eta, azken bi kantuetan, teklatua; eta, oroz gain, lekunberriarraren aura: gitarraren maneiu trebea, ahots sarkorra, aurkezpen mamitsuak... Soiltasunaren ederra, zinezkotasunaren distira matea, itsutu gabe argitzen gaituena, arrandiarik eta burbuilarik gabea. GU.

Gorka Urbizuren izen-deituren inizialak dira GU. Egungo euskal musikarietan gure herria denaren eta izan nahi lukeenaren izpiritua eta sena ondoen irudika-tzen dituena, ene gustuko; bere iruditeriaren baitako sentiarazten nauena, xede eta nahikari partekatuetan bidaide. GU da, gu gara.